Elkar Fundazioak Bertsozale elkartea eta Lotura Films saritu ditu
Lotura Films ekoizleak Elkar Fundazioaren Joseba Jaka jasoko du, ‘Lur eta Amets’ proiektua garatzen jarraitu ahal izateko, eta Ibilbideari Elkar saria, berriz, Bertsozale elkartearentzat izango da, «euskal kulturarentzat eredu izan dira eta direlako», Joxe Mari Sorsen hitzetan.
1996an, Elkar fundazioak indarrean jarri zituen Joseba Jaka bekak, bi urtean behin ematen zituenak. Krisiaren eraginez, hamarkada luze batean bertan behera gelditu ondoren (2006tik 2016ra, zehazki), berriz indarrean jarri zituzten. Ordutik, urtero elkarte baten ibilbidea saritzen du fundazioak eta bi urtetik behin Joseba Jaka beka ematen dio sustatu nahi duen proiektu bati.
Aurten, Ibilbidearen saria Bertsozale elkarteari egokitu zaio. Joseba Jaka saria, ordea, Lotura Films-i iaz estreinatutako ‘Lur eta Amets’ filmaren inguruan martxan dagoen proiektu zabalari jarraipena bermatzeko eman zaio. Horretarako 10.000 euroko laguntza eman diote ekoizleari.
Pandemiarekin garai hauek beharturik, Joxe Mari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak streaming bidez aurkeztu ditu aurtengo bi sariak gaur goizean egin den agerraldian. Sari-emate ekitaldia ere, osasun neurriak bermatzeko, publikorik gabe egingo da arratsaldean (19:00etan) Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, baina, halere, online jarraitzeko aukera izango da.
Sorsen ondoan, aurtengo bi saridunen ordezkariak: Miren Berasategi, Lotura Films-en izenean, eta Beñat Gaztelumendi, Bertsozale elkartea ordezkatuz.
«Euskal kulturari Bertsozale elkarteak egindako ekarpena agerikoa da. Bazterreko bidea ekiditea lortu du, bertsolaritzari lekua eta ikusgarritasuna ematea. Bertsoa da gaur egun euskaldunon artean gehien jarraitzen den kultura ekimena, eta hori urteetan emandako lanagatik izan da»», Sorsen hitzetan. Transmisioa, ikusgarritasuna eta elkarlana izan dira, Elkar fundazioko lehendakariaren hitzetan, Bertsozale elkarteak urteetan metatu dituen baloreak.
Beñat Gaztelumendik saria elkarteari baino, «bertsozaleen mugimendu guztiari» zabaldu nahi izan dio. Bertsolaritza, esan duenez, «bizitzako eskola bat delako, balio batzuen arabera funtzionatzen ikasi dugulako. Zordun sentitzen gara». Pandemiak ere eragin zuzena izan du bertsolaritzan: «Urte berezia da, oso berezia. 2020an, 700 saio inguru galdu dira. Baina kontrako irakurketa egin beharko genuke, bertsolaritzak aurrera egin duelako: herriz herri eta formatuak egokituz, saioak egin direlako, bertso eskoletan biltzen jarraitu izan garelako. Kultura bizigarria delako, norberarentzat, inguruarentzat, eta zer esanik ez hizkuntzarentzat».
Iaz ‘Lur eta Amets’ animaziozko filma estreinatu zen. Ibilbide motza izan zuen zinema aretoetan, pandemiak bete-betean harrapatu zuelako, baina proiektuak jarraipena izan zuen telebistako telesail batean. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendutako film honetan, protagonistak gure historiaren barna murgiltzen dira.
«Elkarlanean egin den proiektua da», azpimarratu du Sorsek. Elkarlanean fundazioa ere bidelagun izan du proiektuak, Ikastolen Elkartea edo Katxiporretak bezala. Miren Berasategik aipatutakoaren arabera, Lur eta Amets pertsonaiak ardatz hartuta, ikus-entzunezkoen bitartez, Euskal Herriaren historiaren inguruko hutsuneak betetzea izan dute helburu. «Hezkuntza eta entretenimendua uztartuz, gure historia modu garbi batean irakastea du xede», aipatu duenez.