Arrotxapeako 10 gazteak aske dira, Poliziak ETAren «zatiketa» osatzea leporatu ostean
Asteartean Iruñean atxilotu zituzten gazteei deklarazioa hartu die Rebeca Esther Alonso epaileak gaur goizean. 14.00ak aldera bukatu dute. Ordu erdi beranduago hasi dira guztiak aske ateratzen.
Asteartean Iruñean atxilotutako 10 gazteak ETAren ustezko «zatiketa» batekin lotu nahi ditu espaniar Poliziak. Horrela aipatzen du behintzat nafarren defentsek gaur ezagutu ahal izan den txostenak.
Rebeca Esther Alonso epailearen aurrean deklaratu dute goizean atxilotuek, atzo eta asteartean komisaldegian karguak irakurri ostean. Gaur, modu telematikoan egin dute, Udaltzaingoaren bulegoetatik, nahiz eta eraikin hori Nafarroako Justizia Jauregitik ehun metro baino gutxiagora egon.
Eraikinaren atarian atxilotuen senitarteko eta lagunak bildu dira eta, salatu dutenez, atxilo daramaten 48 ordu hauetan Poliziaren jarrera «bortitza» izan da. Nabarmendu dutenez, atxilotuetako bat konfinamendutik atera zuten komisaldegira eramateko.
Gazteen abokatuetako batek han bertan azaldu dienez, ikerketa espainiar Poliziaren txosten horrek jarri zuen martxan eta bertan aipatzen da Arrotxapea auzoko gazte hauek ETAren ustezko zatiketa baten ondorengo talde bat direla. Horrez gain, manifestazioetan parte-hartzea, auzoko gaztetxeko hainbat ekimen edo bertso ekitaldiak aipatzen ditu «talde kriminal» gisa definitzeko.
Defentsek NAIZi baieztatu diotenez, epaileak denak aske utziko ditu. 14:30ak baino minutu batzuk lehenago, atxilotuetako lehena atera da Udaltzaingoaren egoitzatik. Eta horren ondotik beste guztiak ere, zain zituzten lagun eta senideen txalo artean.