INFO

129 kaleratzeen aurkako protesta egin dute Bilbon Tubacexeko langileek

Tubacexeko langileek enpresak aurkeztutako ERTEak dakarren 129 kaleratzeak salatzeko mobilizazioa egin dute Bilbon. Egoerari buelta emateko borrokan jarraituko dutela argi utzi dute eta erakunde publikoei esku hartzea eskatu diete.

Tubacexeko langileen manifestazioa Bilboko kaleetatik. (FOKU)

Tubacexeko langileek kalera atera dira berriro ostegun honetan enpresak aurkeztutako ERTEak dakarren 129 kaleratzeak salatzeko. 78 egun daramatzate greban, eta gaurkoan Bilbon egin dute mobilizazioa. EITBren egoitzaren aurrean hasi dute protesta eta, ondoren, Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzara abiatu dira.

Bertan irakurketa egin dute. «Tubacexen ez dago inor soberan», «Borroka da bide bakarra», «Tubacex aurrera», «Gora langileon borroka» edo «Celestino dimision» bezalako oihuak etzun dira manifestazioan zehar. Greban dauden Petronorreko langileak ere manifestazioan egon dira. Protesta Sabino Arana kaletik zihoala, tentsio une bat izan da manifestarien eta Ertzaintzaren artean. Lakuako Gobernuaren ordezkaritzara iritsi direnean, polizia-dispositibo handia zegoen ere, baina ez da ezer gertatu.

«Zuzendaritzaren berekoikeria»

Tubacexeko langileek berriro baieztatu dute enpresaren egoera ekonomikoa koiunturala dela, «pandemiak eragindako ziurgabetasun egoeraren fruitu», eta ez egiturazkoa, enpresak defendatzen duen bezala. Batzordeak eta zuzendaritzak izan duten bileretan hori «argi gelditu dela» adierazi dute: «Lehenengo bileretan, petrolioaren prezioaren jaitsiera arrazoi estruktural bezala aurkeztu zuten, baina negoziaketa aurrera joan ahala, prezioa igo egin zenean ez genuen berriz etzun arrazoi hori»

Bilera horietan sindikatuen jarrera «ezin hobea» dela nabarmendu dute. «Beti negoziatzeko prest egon gara eta proposamen bat baino gehiago aurkeztu genuen akordio baten bila. Baina, beste aldetik, erantzuna beti ezezkoa zer argi utziz eurentzat negoziatzea eurek proposatzen zutena onartzea zela», azaldu dute.

Mahai gainean beti kanporatzeak egon direla salatu dute eta kaleratzerik ez izateko soldatak murrizteko batzordeak egindako proposamenaren aurrean, zuzendaritzaren erantzuna «beti ezezko borobila» izan dela esan dute. Enpresa batzordetik beti aldi baterako neurriak defendatu dituztela adierazi dute.

«Ez du balio gu egoera honen errudun bakarra garela esatea, eurek sortu duten arazo honi eurek eman behar diote irtenbidea», esan dute greba iraunkorra zuzendaritzaren «berekoikeriaren fruitu» dela nabarmenduz.

«Instituzioek ezin dute beste alde batera begiratu»

Lakuako Gobernuari aurrera pausu bat ematea eskatu diote. Tubacexeko laugarren akzioduna eta «Euskal Herriko enplegua mantentzearen arduraduna dela» gogoratu diote. «Horregatik, esan dezakegu, bere esku dagoela egoera honi buelta ematea eta langileriaren eta Aiaraldearen alde zerbait egitea behingoz».

Era berean, Arabako politikariei, Aiaraldeko alkateei eta Arabako Diputatu nagusiari ere mezu berdina helarazi diete. «Arazo hau kezkatzeko modukoa da, Arabako enpresa baten deslokalizazio bat baita, eta ez da lehenengo aldia. Instituzioek ezin dute beste alde batera begiratu.

Beste alde batetik, Ertzaintzaren «indarkeria» salatu dute Tubacexeko langileek, eta Gasteizko parlamentuan, zein Laudioko edo Amurrioko lantegietako sarreretan izandako ekintzak «guztiz soberan» daudela azpimarratu dute. Enpresa batzordeko kideei bilera batzuetan miaketak egin dizkietela salatu dute ere. «Gaizkile bezala hartu gaituzte nahiz eta guk gure lanpostuak defendatzea baino ez genuen nahi».

Borrokan jarraituko dute

Zuzendaritzak 129 langile kaleratzeko erabakiaren aurren, «egoerari buelta eman» ahal diotela eta borrokan jarraituko dutela argi utzi dute langileek: «Langile guztiok elkarrekin gaude, eta denok batera saiatuko gara gure lanpostuak eta Tubacexeko etorkizuna aurrera eramaten».

Langilearen Nazioarteko Eguna dela eta, larunbat honetan beste manifestazio bat egingo dute, Laudion, ‘Aiaraldeko enpleguaren alde’ lelopean, 18:30ean hasita.