Gernikak Pozuelo menderatu eta igoera faseko finala jokatuko du La Vilaren aurka
Basurdeak 23-20 nagusitu dira Urbietan talde madrildarraren aurka. Masukuren zigor kolpeek eman diote garaipena bizkaitarrei luzapenean erabaki den deman. Finaleko aurkaria La Vila izango da, Hernani kanporatu duen talde indartsua. Ohorezko Mailan, Getxok azken postuan jarraitzen du.
Gernikak 23-20 menderatu du Pozuelo igoera faseko finalerdietan eta datorren urtean Ohorezko Mailan jokatzeko helburuak bizi-bizirik dirau. Zoritxarrez, finalean ez du Hernaniren aurka jokatuko, gipuzkoarrek 23-12 galdu baitute beste finalerdia La Vilaren kontra.
Gernikako “basurdeek” luzapenean lortu dute finalerako sailkapena. Bizkaitarrak 3-10 galtzen hasi dira Urbietan, oso indartsu irten den talde madrildarraren kontra, baina atsedenaldira partidan erabat sartuta iritsi dira 9-10eko sailkapenarekin. Eneko Gorostiza izan da entsegua sinatu duena.
Bigarren zatia ere oso parekatua izan da, nahiz eta abantaila hainbat minutuz kanpotarrentzat izan den (12-17). Azken txanpan, ordea, gernikarrek neurketa berdindu dute –lehenik 17-17ra eta gero 20-20ra, 80 minutuak emaitza horrekin amaituz. Masukuren zigor kolpeak erabakigarriak izan dira.
Emozio gehiago ezin eskatu, eta kanporaketa luzapenean erabaki da. Etxeko taldeak zigor kolpe bat gehiago markagailuratu du, garaipena eta finalerako txartela eskuratuz.
Hernanik ezin Vila Joiosan
Hernanik ezin izan du ezustekoa eman Alacant aldean La Vila indartsuaren aurka. Gipuzkoarrek bazekiten Vila Joiosako taldea Ohorezko B Mailako indartsuenetako bat dela eta hori argi ikusi da gaurko finalerdian.
Etxekoak hasierak aurreratu dira markagailuan, baina Hernanik ongi eutsi dio neurketari lehenengo zatian. Kepa Mijangosek 37. minutuan lortutako entsegu bati esker 10-5 gerturatu dira 37. minutuan, esaterako.
Atsedenaldiaren aurretik, ordea, zigor kolpe bat sartu du La Vilak, atsedenaldira 13-5 iristeko. Eta bigarren zatian ere tarteak zabaltzen joan da etxeko taldea, bi entsegu lortuz.
Amaieran, Eneko Garciaren azken entseguak markagailua itxuratu du (23-12), baina hernaniarrek agur esan diote datorren urtean Ohorezko Mailara itzultzeko ametsari.
Getxori bala bat geratzen zaio
Gizonezkoen Ohorezko Mailan, Getxok azken aurreko bala gastatu du jaitsiera saihesteko. Txapelketa bukatzeko falta zaizkion bi partidetatik lehenengoa jokatu du Les Abelles taldearen zelaian eta 29-19 galdu du, azken postuan mantenduz.
Orain Madrilera doa, Complutense Cisnerosen zelaira. Bizkaitarrek garaipena behar dute Santanderreko Independienteri aurrea hartu eta, gutxienez, maila eusteko play-offa jokatzeko, Ohorezko B mailako txapeldunordearen aurka jokatuko lukeena; La Vila-Gernika finaleko galtzailea izango dena, alegia.
Galdu egin du Eibarrek
Emakumezkoen Ohorezko Mailari dagokionez, Eibarrek beste porrot gogor bat jaso du Majadahondaren aurka (53-17). Armaginek Sevillan jokatuko dute datorren astean, titulua lortzeko kanporaketei ekin aurretik.