INFO

Lautan Hiru antzerki jaialdiaren hirugarren edizioa maiatzaren 6an abiatuko da

Ostegun honetan, maiatzak 6, hasiko da Bilboko Alde Zaharreko Lautan Hiru antzerki jaialdia. Lau aste iraungo du, eta hainbat pieza ikusi ahal izango dira Euskaltzaindiaren egoitzan eta Bira Kultur Gunean.

Lautan Hiru antzerki jaialdiaren aurkezpena. (Euskaltzaindia)

Lautan Hiru antzerki jaialdiaren hirugarren edizioa egingo da aurten, eta pandemiaren eraginez atzeratu bada ere, «indartsu dator udaberri aldera». Horrela, maiatzaren 6tik 27ra, ostegunero, antzerki saioak izango dira Bilboko Alde Zaharrean.

Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta Bira Kultur Gunearekin elkarlanean antolatu du egitaraua, berriro ere. Bilboko Udalak babesten du jaialdia.

Formatu txikiko lanak erakutsiko dira jaialdian, hala iraupenari nola muntaketari dagokionez (oro har, 15-40 minutuko piezak izango dira). Aurten eszenatoki bitan antzeztuko dira, 18.30etik aurrera: Euskaltzaindiaren egoitzan eta BIRA Kultur Gunenean.

Lautan Hiru jaialdiaren helburu nagusiak dira euskarazko antzerkia hauspotzea (lanen hizkuntza euskara izango da), sortzaileei beraien lanak erakusteko guneak eskaintzea eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragitea, kultura aukerak zabalduz.

Bestalde, iaz, Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin, eta lehen laguntza Artekartu konpainiak eskuratu zuen, ‘Hauts artean’ lanagatik. Taldeak maiatzaren 20an erakutsiko dute obra berria, Bira espazioan.

Antzerkizaleek hiruna pieza ikusteko aukera izango dute maiatzeko ostegunetan. Maiatzaren 6an eta 13an, Euskaltzaindian antzeztuko dira pieza guztiak, eta 9 euroko sarrera bakarra erosi beharko dute zaleek; maiatzaren 20an eta 27an, aldiz, sarrera bakarra erosi ahalko da emanaldi bakoitzeko (3 euro). Sarrera guztiak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon salduko dira, astelehenetik hasita eta agortu arte.

Azkenik, zaleen artean «opariak» zozkatuko dira astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.