INFO
Interview
Jon Ander Albisu
Baikoko atzelaria

«Urte zaila pasa dugu eta nik ere sentitu dut jende asko poztu dela nigatik»

Atzelarien finala izan da aurtengo Binakakoa eta dudarik gabe, ataundarra izan da, Zabaletarekin batera, txapelketako bi pilotaririk onenetako bat. Esperientziak eman dion patxadatik eta azken urte zailetik «indartuta», bere ibilbideko unerik gozoenean egokitu zaio bere bigarren finala jokatzea.

Jon Ander Albisu, Ataungo San Gregorio pilotalekuan (Andoni CANELLADA / FOKU)

Kosta da baina finalean zara berriz…
Azkenean hamar urte daramatzagu hemen eta aukera gutxi izan ditut finala jokatzeko, urtero saiatu izan gara eta Pablorekin jokatu genuenetik 8 urte pasa dira, berriz ilusioarekin finalera heltzeko eta ea ondo irteten den.

Finalekin geratzen gara baina beti egon zara hor, atean. Ibilbide hori behar bezala baloratzen dugu?
Agian kanpotik ez da baloratzen baina, pertsonalki, nik asko baloratzen dut. Hamar urte daramatzagu goi mailan esateko moduan, urtero-urtero txapelketa jokatzen eta horrek niretzat asko esan nahi du. Egia da finala jokatzea denoi gustatzen zaigula, finalaz aparte txapelak ekartzea ere bai, baina beste aldetik begiratuta, hamar urtetan hor goran egotea eta berriz ere finala jokatzen egoteak asko esan nahi du, eguneroko lan horren fruitua da azkenean eta ea ondo irteten den.

Pablorekin amaitu ezin izan zenuen finalaren arantza ateratzeko gogoa izango duzu.
Bai, behintzat finala jokatu, aurrekoan ez genuen izan aukera hori eta ea oraingoan inork ez duen minik hartzen, ez guk eta ez gure aurkariek ere eta ea gutxienez bukatzeko aukera dugun eta ahal bada irabazi.

Biak Jon Ander, ibilbide desberdinak baina oso ondo moldatu zarete, ezta?
Hasieratik astez aste joateko helburua jarri genuen, partidaz partida, eta gure maila ematekoa. Nik uste lortu dugula, txapelketa erregularra egin dugula. Jon Anderrekin ikusi da, bere lehen urtea izateko ze maila duen, ze patxada daukan eta astez aste joan gara gure maila ematen.

Izaeraz ere desberdinak zaretela ematen du, bera lotsagabeagoa, zuzenagoa, zu lotsatiagoa…
Bai, nik uste dut ondo moldatu garela, ni lasaiagoa naiz, frontoian agian beste patxada batekin jokatzen dut eta bera agian esplosiboagoa da. Agian nik bera behar nuen eta berak ni, edo ez dakit baina kantxan ondo moldatu gara eta ia egunero batera gaude, entrenatzen, fisikoa ere batera egiten dugu, ordu asko sartzen ditugu batera eta egia esan gustura berarekin.

Patxada orain hartuko zenuen, hasi zinenean ez zinen horren lasaia, adina izango da?
Bai nik uste dut esperientzia hartu dudala, agian hasiera hartan nerbioak ere garesti ordaintzen nituen eta jokoa ere aldatu dut. Lehen agian pilota gehiago galtzen nituen, pilota guztietan ematera joaten nintzen eta orain pilota bakoitzean zer egin gehiago pentsatzen dut, atzetik eutsi, aurretik eman… Egia esan esperientzia horrek lagundu digu erregulartasun hau hartzen eta ea aprobetxatzen dugun.

Eguneroko lan hori erregulartasuna hartzera bideratu dugu, pilota gutxiago galtzera, lehen agian partida bat ona egiten nuen eta bi txarrak, eta azken hiru edo lau urteetan partida on gehiago egiteko aukera izan dut urtean zehar eta neroni ere gustura ikusten naiz, kantxan gozatzen eta, egia esan, konfiantzarekin. Pilota bakoitzean zer egin ikasten ari naiz eta oraindik ikasteko gauzak baditugu baina pixkanaka ari gara eta nik uste lan horren fruitua dela hau.

Oraindik ikasteko gauzak geratzen zaizkizu, zer?
Erregularragoa izaten azkenean, pixkanaka lortzen ari gara baina oraindik  partida bat edo beste txarra irteten da eta hori saihesten, jakiten partida bakoitzean zer egin eta ea hobetzen jarraitzen dugun.

Baina hori posible al da? Aurten 17 partidetatik bat egingo zenuen txarra...
Bai baina partida txar horretan hobetzeko gauzak egoten dira, pilota gutxiago galdu, nahiz eta asko ez eman partidan sartuta egon, partidatik ez irteten saiatu… horretan saiatu behar.

Zabaletaren kontrako azkena nabarmen galdu zenuten baina ezin esan partida txarra egin zenuenik, ala?
Ez, nik uste ez nik eta ezta Jon Anderrek ere. Guk gurea ez eman izan hori euren meritua ere izan zen, ze sekulako partida jokatu zuten bai Danelek eta bai Josek. Danel oso azkar aritu zen, Josek asko eman zion eta sentsazioak txarrak ez ziren izan baina oraingoan ea beste aldera erortzen den.

Ez dakit hori ona edo txarra den zeren gaizki jokatu gabe 22-8 galtzea…
Ez diot buelta askorik eman, sentsazioak ez ziren txarrak izan eta horrekin geratzen gara. Ligaxkan bi partida irabaztea lortu genuen, sinistu beharra daukagu irabaztea badagoela eta horretara irtengo gara, hasieratik partida serio bat egiten, opari gutxi egiten saiatu eta ea gure aldera erortzen den.

Pilotazaleen artean nabaritu dut, denak ez esatearren ia denak, asko poztu direla zu finalean ikusteaz. Zuk ere sentitu duzu?
Bai, nik ere sentitu dut, igandetik aurrera mezu asko jaso ditut, jendearen zorion asko eta nik ere sentitu dut hori. Agian urte zaila pasa dugulako, birusa dela, greba ere bai, greban erabaki zailak hartu behar izan genituen eta pertsonalki gauza batzuk alde batera utzi behar izan nituen. Nik neure buruari begiratuta agian grebarik ez nuen egingo, baina taldearen onerako hartu nituen erabaki guztiak eta jendeak, nik uste, ondo ikusten duela hori. Nik kontzientzia lasai daukat, ez naiz ezertaz damutzen eta jendeak ni horrela ikusteak poztu egiten nau.

Grebak zaildu, ahaldundu zaituela esatea asko esatea da?
Baliteke hala izatea, momentu zailetan ikusten da pertsona nolakoa den. Nik, nire aldetik, gauza pertsonalak alde batera utzi behar izan nituen eta hor ikusten da bakoitza nolakoa den. Taldearen onerako erabakiak hartu nituen eta alde horretatik oso lasai nago, jendeak hori ikusten badu niretzat askoz hobeto eta eskertu besterik ez.

Peñak partida bukatu eta berehala izan zintuen ahotan, gazteentzat erreferente bat zara?
Niretzat ohorea da jendeak nitaz hori pentsatzea. Denok pasa genituen une zailak, denok hartu behar izan genituen erabaki zailak eta momentu zail horietatik indartsuago ateratzen zara, gauza asko ikasten dituzu, ondo atera zitzaigun, denoi, eta lortu genituen gauzekin pozik geunden eta, egia esan, hori guztia pasa zen eta aurrera begiratu behar dugu.

Zauri guztiak itxi dira?
Ez, nik uste ixten joango direla. Azkenean norberak jakingo du zer egin zuen ondo eta zer gaizki eta norberaren kontzientziari begiratu behar. Nik nirea oso lasai daukat eta alde horretatik ez dago inolako kezkarik.

Zu Lasoz ere gogoratuko zinen...
Bai, noski. Berarekin finalerdietara heldu nintzen iaz, gero pasa zen guztia pasa eta azkenean Asier Agirrerekin jokatu nuen. Unairekin jokatzeko aukerarik ez nuen izan, oraindik ere kanpoan dago, badakit aste honetan hitz egitekoa dela enpresarekin eta ea aukera daukagun zenbait eta lehenago horrelako mailako pilotari bat kantxan ikusteko.

Pilotarien elkartea sortu zenuten, zu ere parte zara, nola dago kontua?
Asoziazio hori sortuta dago, eta horretan parte gara. Hiru hilabetean behin enpresarekin bilerak egiten ditugu ea zer erabaki hartu dituzten, guk ze kezka ditugun esaten diegu eta nik uste denontzat ona dela, bai enpresarentzat eta bai guretzat, eta noski, pilotazaleentzat.

Udan omen daukate kezka handia.
Bai, denok daukagu, ez dakit  hemendik aurrera zer pasako den, jenderik ez badago frontoietan badakigu enpresarentzat irabaziak askoz gutxiago direla eta ea dena hobetzen den, normalizatzen den eta denok aurrera egiten dugun.

Jenderik gabe jokatzera ohitu zarete?
Ez dakit onerako edo kalte dudan, nik uste denok botatzen dugula faltan frontoiko giroa, jendearen animoak eta gehiago finalera helduta, asko botako dugu faltan, herri txiki batekoa izanda are gehiago, Ataungo jende gehiena frontoira joango zen eta hori ez dugu izango. Ea etxetik bidaliko dituzten animoekin denon artean txapela ekartzerik dugun

Atzelarien txapelketa izan da? Bi onenak zaudete finalean.
Alde horretatik bai, seinale ona da gu heltzea eta nik uste azken urteetan badaukala tendentzi hori, atzelariek egintzen dugula. Izan ziren urte batzuk aurrelariek ateratzen zituztela partidak aurrera baina azken urteetan atzelariek daramagu zama hori eta pertsonalki gustura egindako txapelketarekin, partida zail bat daukagu aurretik eta ea orain arteko maila meten dugun.

Eskerrak Binakakoa geratzen zaizuen, ezta?
Gu urte guztian txapelketa honi begira egoten gara eta egia da beste txapelketak jokatuz gero izen gehiago hartzen duzula baino dagoen bezala dago jokoa. Buruz buru eta lau eta erdian atzelariek gaur egun aukera gutxi ditugu eta honi begira egoten gara.

Buruz burukoan parte hartzea burutik pasa zaizu?
Enpresak inongo momentutan ez dit ezer komentatu eta neronek ere ikusten nuen, enpresa bakoitzetik seina pilotari izanda, nire aurretik sei pilotari on bazeudela manomanorako eta alde horretatik ez dut buruhauste handirik izan.

Nik inoiz pentsatu izan dut atzelarien arteko buruz buruko bat egin zitekeela, ez dirudi honek unerik txarrena.
Bueno, ez zen agian ideia txara izango orain, momentu zail hauetan, halako zerbait egitea baina egia esan gaur egun jarrita dagoen bezala, airez posturak behar dituzu, tantoa amaitzeko garaian dohainak izan behar dituzu… Egia esan atzelarien txapelketa jarriko balute aukera gehiago izango genituzke eta ilusioarekin hartuko genuke baina ez dut uste halakorik izango denik.