INFO
CEAR-Euskadik artatutako errefuxiatu taldea. (CEAR-Euskadi)

40.000 lagun artatu ditu CEAR-Euskadik 25 urte hauetan

EAEn nazioarteko babesa bilatzen zuten pertsonek zituzten beharrei erantzuteko sortu zen CEAR-Euskadi 1996ean. Geroztik, 90 herrialdetako 40.000 pertsona baino gehiago lagundu ditu, eta 25 urte hauetan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban erregistratu diren asilo eskaera guztien herena izapidetu du.

This browser does not support the video element.


CEAR-Euskadi elkarteak 25 urte bete ditu EAEra iristen diren errefuxiatuei laguntzen. Doako laguntza juridikotik haragoko arreta eskaintzen du GKEak, eta 1996an sortu zenetik hona 40.000 lagun artatu ditu EAEn.

80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran, gatazka eta gerra egoerak gertatu ziren, Errumanian, Balkanetan, Ruandan, Angolan edo Liberian, kasurako. Horren ondorioz, pertsonak bakean bizitzeko leku seguru baten bila joan ziren, eta testuinguru horretan sortu zen CEAR-Euskadi.

Javier Galparsoro GKEaren sortzaileak 1989an artatu zuen lehen errefuxiatua, eta unibertsitateko zuzenbideko ikasle-talde batek Galparsorok asilo arloan egiten zuen lanari buruzko interesa agertu zuen.

Hala, 1996an erregistratu zuten CEAR-Euskadi elkartea, Javier Galparsorok, CEAR (Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Batzordea) erakundeak eta zuzenbideko ikasle talde batek. Erakundearen helburua asiloa eskatzen zuten errefuxiatuen beharrak bateratuko zituen harrera integraleko euskal eredu bat bultzatzea zen, eta «gizarte eraldaketaren aldeko apustua eginez aldaketarako motor izatea».

Harrezkero, elkarteak gutxienez 90 herrialdetako 40.000 lagun artatu ditu, eta EAEn asiloa eskatu duten 16.000 lagunetatik heren bat artatzeaz arduratu da.

Erakundearen lorpen aipagarrien artean daude Oñatiko eta Tolosako asilo eskatzaileei aldi baterako harrera emateko zentroak. Guztira 115 plaza daude orain arte kalean bizi behar zutenentzat, eta asilo eskaera bideratzen ari diren bitartean zentro hauetan bizi dira.

Bestalde, CEAR-Euskadiri esker, Estatu espainiarreko portuetara iristen diren polizoiek abokatu-laguntza sistematikoa daukate, abokatuen elkargoetako ofiziozko txanda espezializatuen bidez.

Hassana Aalia sahararra da erakundeak artatutako errefuxiatuetako bat, Euskal Herrian ezaguna egin zena. Marokoko auzitegi militar batek biziarteko kartzela zigorra ezarri zion, 2010ean Gdeim Izik protesta kanpamentu baketsuan parte hartzea leporatuta, Aaiundik 12 kilometrora. Aalia Bilbon zegoen hori gertatu zenean, eta CEAR-Euskadiko talde politikoak asilo eskaeran lagundu zion. 5 urteko ibilbide luzearen ondoren, 2016an errefuxiatuaren estatutua onartu zioten.