INFO

AZET etxebizitza sindikatuak Bilbon okupatutako eraikina hustu dute udaltzainek

Astearte honetan, egunak argitu aurretik, Bilboko udaltzainek hustu dute AZET-k Bilboko Etxebarrieta Anaien Plazan apirilean okupatu zuen etxea. «Dena kendu nahi diguzue baina dena berreskuratzera goaz!», adierazi du etxebizitza sindikatuak. Manifestazio jendetsu batek desalojoa salatu du.

Arrakala espazioaren desalojoaren aurkako manifestazioa.

Bilboko Udaltzaingoak hustu du AZET etxebizitza sindikatuak apirilean Bilboko Etxebarrieta Anaien Plaza okupatu zuen etxea.

«Bilbon gutxienez bi etxegabetze egongo diren astean Bilboko Udala auzokideen eskubideengatik borrokatzen dugunon etxea ere desalojatu du, 15 urte baino gehiago hutsik egon den etxea! Dena kendu nahi diguzue baina dena berreskuratzera goaz!», adierazi du AZET-k sare sozialen bitartez zabaldutako mezu batean.

Etxea pasa den hilean okupatu zuten sindikatuko kideek, Bilbon egindako mobilizazio baten ostean. Bertan nabarmendu zutenez, «etxebizitza ezin da negozio bat izan, ezin da izan betikoek gure miseriatik etekina ateratzeko beste modu bat. Etxebizitzaren arazoa gaur egungo gizarte kapitalistan dagoen arazo larrienetariko bat da desjabetuontzat».

«Etxebizitzarena klase arazo bat da, etengabe eta modu sistematikoan zapalkuntza arrazista eta patriarkal gisa ere materializatzen dena», gaineratu zuen bozeramaileak. Honek jabetza pribatua jarri zuen arazoaren oinarritzat: «Espekulazio inmobiliarioa ez da sistemaren disfuntzio bat, kapitala metatzeko mekanismo bat baizik, are gehiago krisi garaietan. Horregatik ez da nahikoa espekulazioaren kontra borrokatzearekin, ez badugu mahi gainean jartzen honen funtsa eta oinarri dena: jabetza pribatua».

 

Mobilizazioa

Arratsaldean, manifestazio jendetsu batek desalojoa salatu du. Ehunka lagun Alde Zaharreko kaleetatik protesta egin dute ‘Gora okupazioa’, ‘PNV lotu txakurrak’, ‘PNV desahucia y desaloja’, ‘Aburto, ¿qué pasa? Que tú ya tienes casa?’ edo ‘Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia’ leloak oihukatuz.

Udaletxearen aurrean bukatu da mobilizazioa eta bertan egin dute irakurketa. Bilboko Udala egin dute desalojoaren erantzule: «Udaltzaingoarekin haiek izan dira indarrez atea bota dutenak, eta bertan zeuden pertsonak identifikatu dituztenak. ‘Baloreen Gutunekin’ ahoa bete bitartean, auzokideak kalean uzten ditu».

Era berean, Arrakalaren kontra eta AZETeko militanteen aurka «lehen egunetik izandako jazarpen poliziala» salatu dute: «jarraipenak, identifikazio arbitrarioak, bideoak eta argazkiak, irainak, etxeratze agindutik kanpo tinbrea joka agertzea, lotan egon ziren kideak kikiltzen saiatzea...».

Arrakala espazioa haien helburuak betetzeko tresna bat izan dela adierazi dute AZETeko kideek eta, haien helburua «auzoan klase elkartasuna ehunduz, komunitate politikoa eraikitzea» dela nabarmendu dute.

Gaurko desalojoa «erorketa bat besterik ez dela izan» azpimarratu dute: «Berriro altxatu gara, inoiz baino indartsuago, inoiz baino solidarioago eta inoiz baino haserreago».

Bestalde, ostiralean Judithen desalojoari aurre egin beharko diotela gogorarazi dute: «Ez dugu onartuko etxe hutsak mantendu eta ate antiokupak instalatzen dituen instituzioak gure kidea kale gorrian uztea».

LAB

LAB sindikatuak Bilboko Udal Gobernuak «Udaltzaingoa bere eskumenekoak ez diren ordena publikoko eginkizunetan erabiltzen ari dela» salatu du.

Ohar baten bidez, sindikatuak gaitzetsi egin du ekintza «Bilboko Udaltzaingoa eramaten ari den jite autoritario eta errepresiboaren adierazpen berri bat» dela, eta «gero eta gehiago urruntzen» duela «ustez defendatzen duen hurbileko polizia eredutik».

«Errepresioaren bidez gizarte-arazoei aurre egitea guztiz kontraesankorra da gizarte-eragileekin lankidetzan eta bitartekaritzan oinarritutako hurbileko poliziaren ideiarekin. Alkatea eta EAJ-PSE gobernua udaltzaingoaren eta herritarren arteko aldea handitzen ari dira, murriztu beharrean», adierazi du sindikatu abertzaleak.

Gainera, Udaleko plenoan «aho batez onartutako segurtasun akordioa haustea» leporatu dio Udal Gobernuari.

Alkateari eta EAJ-PSEri eskatu die «errepresio-dinamika hori bertan behera utz dezatela», eta ez dezatela parte hartu datozen egunetarako programatuta dauden etxegabetzeetan.

«Etxebizitza duina izateko eskubide unibertsala, lehen mailako printzipio politikoa izateaz gain, premiazko behar materiala da milaka familiarentzat. LAB sindikatuak argi du eskubide horren defentsan lehen lerroan egotea dela bere lekua. Era berean, langile guztiak animatzen ditugu aktiboki parte hartzera, gauzatu nahi dituzten kaleratze horiek guztiak eragotziz», adierazi du LABek.