INFO

Eskumena jasota, «erdi-askatasuneko erregimena» bultzatuko du Lakuak

Astelehenean espetxe arloko eskumena jaso ostean, eredua ezartzeko oinarriak biltzen dituen plana Legebiltzarrera igorri du Lakuako Gobernuak. «Erdi-askatasuneko erregimena»ren aldeko apustua gailentzen da bertan.

Presoen aldeko ekimen bat, Zaballako espetxearen aurrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak jada bidali du Legebiltzarrera ‘Euskadin espetxe-eredua ezartzeko oinarriak’ dokumentua. Astelehenean jaso du Estatuak 1979. urtetik zor zion eskumena, nahiz urriaren 1a arte ez duen gauzatzerik izango. Hamalau orrialdeko idatzi honetan bere estrategiaren zertzelada batzuk aurreratzen ditu.

Gasteizko Legebiltzarrean 2019an espetxe ereduari buruzko eztabaidan onartutako 59 ebazpenak hartzen ditu oinarri gisa Lakuak, bai eta nazioarteko zenbait tresna ere, tartean Nazio Batuetako «Mandela arauak», orokorrean irizpide aurrerakoiak dakartzatenak.

Lakuako Gobernuak aurretik adierazi duenaren arabera, preso guztiei irizpide berdinak aplikatuko zaizkie. Gogoratu behar da gaur egun ia mila preso biltzen dituztela Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeek, horietatik 37 EPPK-koak direlarik.

Bost helburu zehazten ditu Urkulluren Gobernuak, itxuraz behintzat Estatuak erabilitako jokabidetik urrun direnak. Lehena, «askatasunaz gabetutako pertsona gehiagok zigorrak erdi-askatasuneko erregimenean bete ditzaten lortzea, bai eta horien egoera hobetzea eta, nolanahi ere, haien gizarteratze eraginkorra lortzea ere».

Honi dagokioenez, gogoan hartu behar da astelehenean Bilbon Miquel Iceta ministroak esandakoa: preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika Madrilek gidatuko duela eta espetxeetako erabakiak Auzitegi Nazionaleko Espetxe Epaitegi Zentralak zuzendu ditzakeela azken instantzia gisa, orain arte bezala.

Katalunian preso diren buruzagi independentistekin gertatzen ari dena ekar daiteke gogora, aurreikuspen bat egin nahi bada: espetxeetako Tratamendu Batzordeek hirugarren gradua eman diete behin baino gehiagotan, baina gero sarritan Estatuko erakundeek bertan behera utziarazi dituzte.

Emakumeak, adingabeak, gaixorik direnak...

Gainerako lau helburuak, lehenengo honekin uztartuta, honela laburbiltzen ditu Lakuak: «Gizarteratzeko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonen konpromiso eta eskakizun pertsonalak; biktimen eskubideak eta interesak egokiago babestea; segurtasun publiko handiagoa lortzea; eta espetxe-sistemari eta zigor-betearazpeneko sistemari dagokionez, herritarrek gogobetetasun eta pertzepzio handiagoa izan dezaten lortzea».

Ildo hauetatik abiatuta, zenbait neurri zehazten ditu planak, espetxe eredu berria gauzatze aldera: emakumeei arreta berezia ematea, jasaten duten diskriminazioa arintzeko; adingabekoen interesa lehenestea; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten eta 70 urtetik gorakoak diren presoen «arazo espezifikoari heltzea»; «iraupen luzeko kondenak dituzten pertsonen birsozializazioa aztertzea»...

«Erdi-askatasuneko erregimenari» buruz neurri zehatz bat edo beste aurreratzen da idatzian. Esaterako, bost urtera arteko zigorra duten pertsonak hirugarren graduan sailkatuko lituzkete hasiera-hasieratik. «Gaixotasun mentalak dituzten pertsonak osasun-zentroetan integratzea» da beste bat: «baliteke kondenatutako pertsona batzuk ospitale-zentro egokietan ospitaleratzea», aipatzen da.