INFO

Hamabost kultur proiektu sustatuko ditu Piztu Meta mikromezenazgo programak

Piztu Meta programak 15 kultur proiektu sustatuko ditu bere seigarren edizioan. Gipuzkoako Aldundiak eta Goteok sustatutako programa bada ere, crowdfunding edo finantzaketa kolektiboaren bidez herritarrek kultur proiektuak sustatzea da programaren gakoa. Iaz, 144.441 euro banatu zituzten.

Piztu Metak proiektuaren aurkezpena. (NAIZ)

Piztu Meta proiektuaren seigarren edizioa abiatu du Gipuzkoako Diputazioak, Goteo Fundazioarekin lankidetzan. Finantzaketa kolektiboa edo crodwfundinga dago programaren oinarrian eta bildutako diruarekin kultur proiektu ezberdinak laguntzea da helburua.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak aurkeztu du egitasmoa prentsaurrean. Bere hitzetan, ekimenak «kultura finantzatzeko politika berri bat» irudikatzen du, «baliabide berriak ekartzen baititu, aukera emanez aurrekontuak handitzeko eta herritarren partaidetza edukitzeko, instituzioek laguntzea merezi duten ekimenak eta proiektuak hautatzeko orduan». «Horrek guztiak laguntzen du kultur politika gardenago bat izaten dirulaguntzak ematean eta gizartearen inplikazioan, azken batean gizarteak erabakitzen baitu zein kultur proiektu diren interesgarrienak», iritzi du.

Aurreko edizioetako mekanika bera izango da: guztira, 15 kultur proiektu, Gipuzkoako pertsonek edo kolektiboek lokalizatuak eta bultzatuak, eskura izango dutenak 70.000 euroren bultzada (Gipuzkoako Foru Aldundiak ekarritako matchfundingari dagokiona) eta osatuko dituena herritarren diru ekarpenak, hau da, herritarrek era askotako kultur proiektuei egiten dizkietenak crowdfunding formula ezagunaren bitartez egindako kanpainetan.

Funtsean, jasotzen den euro bakoitzeko Foru Aldundiak euro bat gehiago batuko du. «Horrela, arrakastarako aukerak eta azken inpaktua biderkatu eta areagotu egiten dira.
6. edizio honek baieztatzen du programaren nazioarteko arrakasta, eta, batez ere, haren gaitasun biderkatzailea, eta Gipuzkoako kulturarekiko konpromiso gaitasuna», esan du Millanek.

Formula hau erabilita, 2020an guztira 144.441 euro banatu ziren: 74.441 euro herritarren ekarpenei dagozkie, eta 70.000, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpenei. 1.330 pertsonak parte hartu zuten, batez beste 56 euroko ekarpenak eginez. 36 proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik 15 hautatu ziren.

Deialdira aurkezteko epea ekainaren 23ra bitartekoa da. Aurtengo edizioan zenbait berrikuntza egongo direla aurreratu du Millanek. Batetik, prestakuntza osoa online izango da eta guztira hiru tailer izango dira: Gipuzkoako herritar guztiei irekitako bi atariko tailer, eta crowdfunding kanpainen komunikazioan espezializatutako tailer bat, soilik hautatutako proiektuentzat. Tailer horien formatua online izango da, bideokonferentziaren bidez, eta parte-hartzaileen arteko lankidetza- eta ikaskuntza-dinamika oso berritzaileen bitartez. (informazioa eta izen emateak: goteo.cc/tallermeta2020).