Iñigito Txapelpunk, belaunaldi berrien soinu banda sortzen
Estetika apurtzaile eta indartsua dute «Ipuin hunkigarriak» (Denonartean) liburu musikatuko protagonistek; izan ere, punk eta rock ukitu nabaria du Iñigito Txapelpunken haurrentzako proiektuaren bigarren urrats honek. Zeharo gaztetuta dabil lekeitiarra.
2018. urtean jaio zen E.H. Magikoa egitasmoa. Haurrei zuzendutako ipuin eta kantak elkarri josiz, Euskal Herriko geografian eta mitologian garatutako mundu magiko bat eraikitzen dabil ordutik Iñigito Txapelpunk, bere Lekeitioko etxeko estudioan.
Ordura arte punkari eta rockari lotutako bere ibilbideari erabateko norabide aldaketa emanez, eta 50 urte beteta, haurtzarora egiten ari den itzulera-bidaia honetan sormenak eztanda egin ei dio. Horrela aitortzen du berak, eta horretarako datu xume bat: Denonartean argitaletxeari proiektua aurkeztu zionean, hogei ipuinetik gorako multzoa bidali zion. Azkenean, «garbiketa» zehatz bat egin ondoren, abian jarri zituzten Iñigito Txapelpunken ibilbide berriaren lehen urratsak.
Proiektuaren lehen emaitza ‘Gabonetako ipuinak’ (2020) izan zen –«Gabonetan egin genituen aurkezpen kontzertuetan, izugarria izan zen: dena sould out», musikoaren hitzetan–; eta orain asmoaren bigarren urratsarekin dator. ‘Ipuin hunkigarriak’ ipuin liburu musikatuan osagai hauek elkartu dituzte: hiru ipuin (Mendexan, Lekeition eta Larrabetzun kokatutakoak), hamar kanta –liburuan bertan, disko baten itxura duen ikurtxoen bidez CDan datozen kantak noiz entzun behar dituzten zehazten zaie irakurleei– eta Irati Merinoren ilustrazio alaiak.
Publiko berria
Futbolera jokatzea maite duen Naia izeneko neska bat, Iñigito Txapelpunken aitona Julian, bere anaia Aitor... pertsonaia errealak mundu magikoan txertatu ditu idazle bilakatu den musikariak. Aurretik zerbait idazten zuen, atzo Bilbon egindako aurkezpean onartu zuenez, baina idatzitakoa kantak ziren, batez ere. Orain, eta proiektu honi esker, ikusle mota berri batekin topo egin du: publiko berri bat, bere belaunaldiko punk eta rockzaleen seme-alabak... eta «flipatu egiten dut topatu dudan mundu magikoarekin, eta, nahiz eta egoera horrelakoa den, kantatzeak eta idazteak lagundu egin dit egoerari aurre egiten».
Ipuinak idatzi eta gero, horiei egokitutako kantak grabatzen ibili da lekeitiarra. «Goizeko bostetan jaiki, estudioan sartu eta laborategian dagoen ‘el profesor chiflado’ antzekoa legez ibili ohi naiz. Kantak edozein paperetan idazten ditut, paperezko ezpainzapietan ere bai, koadernoan idaztea ez baitzait eroso egiten», aitortu du.
La Pollatik Pirritxera
Ipuin musikatuen bigarren disko-liburu honetarako izen ezagun askoren laguntza jaso du musikariak; esaterako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsena –«Txapelpunken disko baterako, La Pollari eskatuko nioke laguntza; honetarako, hauek dira elitea»–, Isuntza arraun taldeko neskena eta Larrabetzuko eskolako neska-mutilena.
Honi guztiari esker, gaztetuta dabil, bizigarria egiten baitzaio haurren erreakzio garden eta zuzenak jasotzea. 50 urte ditu, baina 15 urte dituela sentitzera iritsi da... «eta orain 7 urte ditudala uste dut. Oso inspiratuta, oso pozik nabil», dio abentura honi buruz. Aurki zuzeneko ikuskizunekin hasiko dira, zortzi lagunez osatutako taldean.
Eta, bien bitartean, proiektu erraldoi honekin jarraitzeko asmoa du: «Euskal Herri magikoa handitu eta gu bertan desagertu arte».
Diskoko kanta batek dioen bezala: «Irudimena erabiliz, / ametsak egi bihurtzen dira, / putz egin eta hona etorri / Euskal Herri Magikora».