INFO
Interview
Iker Olaeta
Gernika Errugbi Taldeko jokalaria

«Finala parekatuta egongo da; La Vilaren zelaian irabaztea posible da, ez da txorakeria bat»

Iker Olaeta (Gernika, 1990) Gernika Errugbi Taldeko mele erdia eta kapitaina da. Basurdeek Ohorezko mailara itzuli nahi dute, eta bide horretan bi aukera dituzte. Lehenengoa, igande honetan (12.00), La Vilaren zelaian. Galduz gero, Independiente Santander izango da sasoi arraro honen azken erronka. 

Iker Olaetak baloia ostikatzen du Pozueloren aurkako partidan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Orain arte jokatutako partida guztiak irabazi eta gero, aurrez-aurre lehiatuko dira igande honetan La Vila eta Gernika, errugbiko Ohorezko B mailaren finalean. Irabazleak igoera lortuko du; galtzaileak, berriz, beste aukera bat izango du. 

Orain arte denboraldi perfektua osatu duzue, baina azken pausua falta da.

Bai, ‘plenoa' egin dugu. Orain arte egin dugun urtea hamarrekoa izan da.  

Lehenengo fasean Hernani zirudien arerio gogorrena, baino nahiko eroso ibili zineten…

Lehenengo itzulian eduki genuen areriorik indartsuena Hernani zen, baina gure multzoa nahiko indartsua izan da eta partida gaitzak izan dira. Liga erregular batean ez da erraza astebururo maila mantentzea, jendea edukitzea, koronabirusaren asuntoa… Arerio guztiak asko errespetatu ditugu, zortea izan genuen eta lehenengo fase oso ona egin genuen.

Normalean zortea edukitzea garrantzitsua da, lesioak direla ta ez direla, baina aurten, pandemiarekin, are eta gehiago, ezta?

Bai, azkenean aurten edozer aldatu zitekeen, lesioak aparte. Lehenengo bueltan, adibidez, gure etxean Hernaniren kontra azkenengo minutuetan zigor kolpe bategatik irabazi genuen, gauzak estu egon dira. Plenoa egin dugu, baina gure alde jausi diren partida batzuk zorteak lagunduta erori dira.

Gero igoera fasea hasi zen. Fenix Zaragoza eta CRC Pozuelo utzi dituzue bidean…

Fenixen kontra ondo irabazi genuen (20-8) baina bagenekien La Vila, CRC eta gu ginela talde punteroenak. Etxean jokatu genuen, zelai faktorea gure alde, bigarren zatiko azken minutura arte galtzen joan ginen eta azkenean, luzapena eta guzti behar izan genuen hiru puntugatik irabazteko (23-20).

Zuek espero zenuten hain ondo ibiltzea?

Dudak eduki genituen. Pasa den urteko taldetik nahiko aldaketak egon dira, baina egia esanda kanpotik etorri direnekin asmatu da, eta etxekoak ere oso ondo ibili dira aurten. Joan den urtean play off-en atarian pasa zen pandemiaren asuntoa, oso ondo topatzen ginen justu momentu horretan. Hori pasa eta gero, klubak eta jokalariok esan genuen hurrengo urteko helburua lehenengo mailara igotzea izango zela. Eta horretan gabiltza.



Orain, finala Alacanteko La Vilaren aurka. Nolako taldea da? Aztertu duzue?

Bai, CRC-ren aurkako partida amaitu eta gero ospatu genuen, baina hurrengo egunean La Vilaren partidak ikusten hasi ginen. Euren zelaian jokatuko dugu, talde nahiko konpletoa da. Hara joan beharko gara eta ea laurogei minutuetan nori ateratzen zaion hobeto, zeinek egiten dituen akats gutxiago. Parekatuta egongo da, baina han irabaztea ez da txorakeria, posible da.

Non egongo da basurdeen indarra? Eta ahultasuna?

Aurrealde oso indartsua daukagu aurten, eta hortik joko dugu. Eta ahultasuna izan daiteke beroa, tenperatura altua bada ez da erraza izango. Gainera zelaia lehorra da.

Igotzen bazarete Bizkaiko talde bakarra izango zarete Ohorezko mailan, Getxoren jaitsiera eta gero. Bere garaian Hego Euskal Herriko lau talde zeundeten, baina orain Ordizia geratu da bakarrik, zuei itxoiten…

Niri pena asko ematen dit Getxo jaistea, lehenengo mailan derbiak egon direnean oso polita izan da. Harmailak beteta egoten dira, aste berezi bat izaten da, telebistan eta irratian informazio gehiago agertzen da errugbiari buruz, eta uste dut zerbait positiboa dela gure kirolarentzako.

Azkenean El Pantanoko harmailetan afizioa egongo da.

Bai, jendea ahal da joan, alarma egoera kendu dutelako. Klubak ehun sarrera lortu ditu eta lehenengo egunean hirurogei saldu zituen, jendea animatu da. Ez da autobusik antolatu, bakoitza bere kabuz joango da.

Denboraldia, jenderik gabe, oso tristea izan da. Final laurdena eta finalerdia etxean jokatu eta zelaia hutsik, oso tristea da.