Zabaletak argi utzi du buruz buru jokatzeko ere sekulako dohainak dituela (22-2)
Sakean oinarrituta, Etxarrengo atzelariak aise menderatu du Axier Arteaga Labriten. Zabaletak bederatzi tanto egin ditu lehen jokaldiarekin, beste sei gehiago dejadaz, eta sekulako pilotakadak jo ditu atzera. Dario errioxarra izango da bere hurrengo aurkaria final-laurdenetan.
Jose Javier Zabaletak sekulako erakustaldia eman du gaur Labriten Buruz Buruko Txapelketaren final-zortzirenetan Axier Arteagari 22-2 irabazteko. Amaitu berri den Binakako Txapelketan atzelari txapeldun eta pilotari onena izan den etxarrendarrak argi utzi du buruz buru ere bikain moldatzen dela.
Nafarrak sakean oinarritu du bere garaipena. Guztira bederatzi tanto egin ditu lehen jokaldiarekin –pasa bat ere egin du– eta Arteaga dantzan ibili du. Gainera, sakez tantoa egin ez duenetan ere pilota asko atzeratu du eta aurrean jokaldiak amaitzen oso fin ibili da: dejadaz sei tanto egin ditu.
Zabaletak Dario izango du aurkari final-laurdenetan, datorren larunbatean Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko den neurketan. Dariok Irribarria txapelduna kanporatu zuen iaz final-laurdenetan eta finalerdietan 15 tanto egin zizkion Jokin Altunari.
Sustoa hasi eta berehala
Partidaren kontaketa kronologikoa egiteak ez du pena merezi, hasieratik amaierara jaun eta jabe izan delako Zabaleta. Baina etxarrendarrak susto bat izan du neurketaren hasieran. Nafarrak mina sentitu du lehen tantoetan eskuin izterrean, aduktore inguruan, eta markagailuan 6-1ekoa zegoela, aldageletara sartu da Txema Urrutia sendagilearekin batera.
Antza denez, mina ez zen beste mundukoa, baina badaezpada izterra lotzea erabaki dute. Zabaletak berak onartu duenez, hortik aurrera ez du minik sentitu eta ez du arazorik izan jokatzeko. Alde horretatik, egia da Axier Arteagak ez duela batere estutu eta ez duela esfortzu handiegirik egin behar izan Aspekoak.
«Partida hasi eta berehala molestia txiki bat somatu dut izterrean. Txema Urrutiarekin hitz egitera joan naiz badaezpada, baina berak aztertu ostean lasaiago geratu naiz. Bigarren zatian ez dut minik nabaritu», azaldu du egoera atzelariak.
Jokaldi aipagarrienak Zabaletaren sake zitalak izan dira, bota dituen dejada bikainak, eta baita atzera jo dituen hiruzpalau eskuinkada ikusgarri ere. Batez ere 14-2koa eta 15-2koa nabarmendu behar dira, pilota aurrean hartu eta ia zuzenean errebotera bidali dituenak.
«Barruan neukan jokoa erakutsi»
«Pozik nago. Esana nuen nire helburua barruan daukadan jokoa kantxan erakustea zela eta hori lortu dut. Lehen tantoetan oso eroso sentitu naiz sake-errestoan eta horrek konfiantza eman dit», adierazi du Zabaletak neurketa amaieran.
«Dario aurkari zaila izango da. Bera ere sakatzaile handia da, abiadura handia ematen dio pilotari eta ziur asko sufrituko dudala bere kontra», gehitu du final-laurdenetan aurrean izango duen pilotariari buruz.
Pilotakadak: 107. Partidaren iraupena: 36 minutu eta 11 segundo. Markagailua: 6-0, 6-1, 9-1, 9-2 eta 22-2. Sakez eginak: 9 Zabaletak (eta pasa bat ere bai). Jokoan eginak: 10 Zabaletak. Galdutakoak: 1 Zabaletak eta 3 Arteaga II.ak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua, ateak itxita. Fermin Escudero izan zen Zabaletaren botileroa eta Juan Mari Arteaga bere semearena. Lehen sakea, urdin.