Tati Garmendia: «Gogorra izan da eta ez nago lasai datorren denboraldiari begira»
Pandemiak erabat baldintzatu du denboraldia bizitzako edozein alorretan eta kirola ez da salbuespena izan. Bera Berak aurrera atera du denboraldia, izerdi asko botata, baina ziurgabetasunak luzerako joko duelako, Tati Garmendia arduraduna ez dago lasai datorrenerako.
«Irabazten duzunean ikusgarritasun handiagoa daukazu, jende gehiago hurbiltzen da partidetara, egunkarien azaletan gehiago agertzen zara... Azken urteetan babesle pribatu gehiago lortu ditugu eta horrek nolabaiteko egonkortasuna eman digu. Egungo aurrekontua duela urte batzutakoa baino baxuagoa da zenbait arrazoiengatik», azaldu du Tati Garmendiak.
Urte zail hau aurrera atera dute, nahiz eta publikoa –oso murriztua– hiru partidetan soilik sartu ahal izan duten, «ez dugu merchandising-ik saldu, Kopa ez da Gipuzkoan jokatzen eta horrek behartu gaitu kanporaketa bat jokatzera [Morvedreren aurka] eta Kanaria Handira bidaiatzea. Aurrekontuan aurreikusi gabeko kontuak izan dira. Koronabirusaren inpaktua handia izan da», zehaztu du.
«Gogorra izan da baina ez nago lasai datorren denboraldirako». Ziurgabetasunak jarraitu egingo duelako, egoera ez delako 2019a bezelakoa.
«Asko irabazten duzunean jendea ohitu egiten da. Lehenengo, bigarren, hirugarren garaikurrean bai animatu daitezke gehiago, gero jada berritasun hori gutxitzen doa. Gurera beste balore batzuengatik batzen dira», nabarmendu du.
Baina helburu errealak finkatu behar dituzu. Egin dezakegula taldea murriztu eta bi fitxaketa handi egin? Bai, egiteagatik bai, baina egun ez dugu kontenplatzen
Egia da Europan emaitza hobeak lortzea iltzatuta daukaten arantza bat dela, «baina helburu errealak finkatu behar dituzu. Egin dezakegula taldea murriztu sei jokalari kenduta eta bi fitxaketa handi egin? Bai, egiteagatik bai, baina egun ez dugu kontenplatzen», adierazi du.
Europan behar bezala lehiatzeko baliabide gehiago behar dituztela onartu du eta beraz, helburua, gaur gaurkoz, European League-ko multzoko fasera sailkatzea izan daiteke, duela pare urte egin bezala. «Baina zaila da, Txapeldunen Liga jokatu dezaketen taldeak baitaude bertan», ohartarazi du.
Oinak lurrean beti, fitxaketak egiterako garaian ere taldea lehenesten da, «taldera egokitzeko gaitasuna» eta titulu guztiak lehiatzeko mentalizatua egotea. Aukeraketa egitea oso zaila dela onartzen du. Asteazkenean argitaratu zuten Renata Arruda, Nekane Teres eta Manu Pizzok ez dutela taldean jarraitu eta ziurtatu du hauen ordezkoak jada fitxatuta daudela. Esaterako, June Loidi elgoibartarra, egun Zuazon jokatzen duena, datorren urtean Donostian ikusiko dugunaren zurrumurrua zabaldu da.