INFO

Calvo espainiar presidenteordeari eta Letoniari eman dizkie Gehituk latorrizko sariak

Trans legearen aurka agertu den Carmen Calvo espainiar Gobernuko presidenteordea eta, Normunds Kindzulis gaztearen hilketaren harira, Letoniako Gobernua «saritu» ditu Gehituk bere latorrizko sarietan.

Carmen Calvo «saritu» du Gehituk. (Andrés BALLESTEROS/AFP)

Gehituk, Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen elkarteak, latorrizko ordaina eman dio Carmen Calvo espainiar Gobernuko presidenteordeari, Trans legearen aurka agertzeagatik. Letoniako Gobernua ere saritu du, Normunds Kindzulis gaztearen hilketaren harira.

Elkartearen latorrizko sariak «kontrasariak» dira, eta Gehituren ustez LGTBIQ+ eskubideen aurka doazen adierazpenak argitaratu dituzten pertsona edo erakundeei ematen dizkie.

Aurten, Carmen Calvo espainiar Gobernuko presidenteordeari eman dio, transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrerako lege-aurreproiektuaren, trans lege bezala ezaguna izan dena, izapidetzearen aurka dagoelako. Lege hori Berdintasun Ministerioak egin du, eta trans edo LGTBI pertsonen ia kolektibo eta elkarte guztiek babestu dute.

Gehituren ustez, «zaila da aurretik lesbianen eta gayen eskubideekiko konpromisoa erakutsi duen pertsona bat pertsona transen eskubideak babesteko giltzarri den lege baten onarpena oztopatzen aritzea».

Beste saria Letoniako Gobernuari eman diote, «herrialde horretan dagoen muturreko lgtbi-fobia» ikusarazi asmoz. Herrialde horretan, apirilaren amaieran, «Normunds Kindzulis gaztearen hilketa eragin duen giro soziala» sortzea leporatu diote.