INFO

«Migratzaileen sufrimendua ezin baita normalizatu», maiatzaren 29an hitzordua Santiago zubian

Irungo Harrera Sarea, La Cimade, Diakite, Etorkinekin eta Bizi! elkarteek bat egin dute maiatzaren 29an migranteen eskubideen aldeko mobilizazioa antolatzeko orduan. Irun eta Hendaiatik aterako diren martxa bi Santiago zubian elkartuko dira «muga arrazistaren desagertzea» eskatzeko.

Migratzaileen aldeko mobilizazioa, iragan martxoaren 20an, Baionan. (Bob EDME)

Irungo Harrera Sareak, alde batetik, eta Ipar Euskal Herriko Diakite, La Cimade, Etorkinekin eta Bizi! elkarteek bestetik, mobilizazioa antolatuko dute maiatzaren 29an, larunbatean, 17.00an, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian «muga arrazistak eta gizarte politika baztertzaileak ez direla aukera bakarra» oroituz Euskal Herria «harrera herria badela» agerian uzteko.

«Ezin dugu normalizatu bizitza hobeagoren bila datozen pertsona migratzaleen sufrimendua, ezin dugu legitimatu jazarpena eta heriotza» nabarmendu dute aipaturiko eragileek deialdiari babesa emateko zabaldu duten manifestuan.

Ildo beretik, «Sahara, Mediterranioa, Ozeano Atlantikoa eta Bidasoako mugak eremu geografikoak soilik behar luketela izan, ez migranteak heriotza aurkituko duten tokia» adierazi dute.

Irungo eta Hendaiako udaletxeen aurrean eman dute hitzordua, bertatik abiatuko baitira Santiago zubian elkartuko diren herritarren martxak.

Hasiera batean «terrorismoaren aurkako alerta» aipatuta eta horren ondotik pandemiaren aitzakiaz «Frantziako agintariek zuriak ez diren pertsonei, bereziki beltza eta arabiar itxura dutenei kontrol arrazistak egin eta mugak itxi dizkietela» salatuko dute Bidasoaren gaineko pasabide horretatik.

Bertatik «hurbileko erakundei ez daitezela eskumen mugetan ezkutatu» eta frantziar eta espainiar estatuei zein Europari «politika aldaketa bat» eskatu deizaietela galdeginen dute.

Manifestazioaren antolatzaileek irmoki salatu dute herritarren zein eragileen sinadurak biltzeko xede zabaldu duten manifestu horretan Europar Batasunak eta bere estatu kideek «migranteen eskubideak urratuz aplikatzen dituzten politika arrazistak».

Oroitarazi dutenez zirkulazio eskubideak desestatuz bide seguruak debekatzen dituzten politika horiek «hildakoak eragiten dituzte egunero». Horrendako, Europako Batasunari «arrazismoa eta xenofobia hauspotze dituzten politikak» bertan behera uztea eskatuko dute Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.

«Ezin dugu normalizatu bizitza hobeagoren bila datozen migratzaleen sufrimendua, ezin dugu legitimatu jazarpena eta heriotza» adierazi dute deialdiaren sustatzaileek, era horretan azkeneko hilabetetan Irun eta Hendaia artean bizi den egoeraren larritasunaz oharra eginez.

Hala, kasu gehienetan bidaia luze bezain arriskutsua egin ondoren Irunera heltzen diren migratzaleei harrera duina emateko beharra nabarmenduko dute Santiago zubian.

Administrazioen jokabidea

Gaur gaurkoz euskal administrazioko maila guztiek, berdin Irungo Udala zein Lakuako Gobernua zein eta Euskal Elkargoa «oso papera eskasa jokatzen ari direla harrera egin eta migratzaileek ezarritako politikak arintzeko orduan» uste dute ekimenaren antolatzaileek. Haien esanetan aipaturiko erakundeek trantsitoan diren migratzaileak «modu murriztaileak definitu» eta haien kalterako neurriak ezartzen dizkiete.

Horren ordez, «gizarte politika publiko serio eta arduratsuak» plantan emanez egoera zaurgarrian dauden pertsona horien beharrak aintzat hartuz beraien egoerari erantzutea lehentasun gisa hartzea eskatzen diete

Mugalari bat atzeman dute Hendaian

Iragan martxoan euskal erakundeek dispositibo berezia ezarri zuten martxan ohi baino migratzaile gehiago heldu baitziren Irunera.

Izan ere, larritasun egoera ganditutzat eman ondoren berriki neurri horiek bertan behera utzi zituzten.

Azken asteotan nabarmena da berriz ere Lapurdira igaro nahi duten migratzaileen presentzia Bidasoaren gaineko muga pasabideen inguruan.

Santiago zein Behobiako zubietan ezarritako polizi kontrolek mugalarien jarduera bultzaten dutela agerian utzi dute behin baino gehiagotan migratzaileen sostenguz jarduten duten herritarrek.

«Goiz ala berantz migratzaile guztiek gurutzatzen dute muga eta ezin badute beraien kaxa bidaia jarraitu mafiak heltzen dira diruaren truke pausua egiteko», azaltzen du Harrera Sareko kide batek.

Iragan maiatzaren 1ean 250tik gora migratzaile «ilegalki» muga zeharkatzen lagundu zituen mugalari bat atxilotu zuen frantses Poliziak Hendaian.

Auzi azkar baten ondotik urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten Irungo Hilandesas harrera zentroaren inguruan migranteak hartu eta autoz Hendaiara eramaten zituen mugalariari.