INFO

Productos Tubularesen deitutako lehen protestak jarraipen «zabala» izan du, sindikatuen arabera

Trapagarango Productos Tubulareseko langileek deitutako greba eta mobilizazio egunen lehenengoak jarraipen «zabala» izan du, sindikatuen esanetan. Enpresa-hitzarmenaren negoziazioari berriro ekiteko galdegin dute beharginek.

Productos Tubularesen Trapagarango fabrika. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Trapagarango Productos Tubulareseko langileek, Sestaoko Acería enpresarekin batera, greba eta mobilizazio jardunaldietako lehena egin dute astelehen honetan. ELA sindikatuak adierazi duenez, jarraipen «zabala» du enpresa-hitzarmenaren negoziazioari berriro ekiteko eskatzeko mobilizazioetan lehenak.

Zehazki, lau urte igaro ondoren, batzordeak hitzarmen bat aldarrikatzen du, langileen erosteko ahalmena, belaunaldien arteko erreleboa eta Taldearen Zuzendaritzak egindako Industria Proiektua ezagutzeko. Proiektu hori egina dagoela dio ELAk, baina «susmagarriki» ezkutatzen duela zuzendaritzak, «langileek ordezkariek askotan eskatu arren».

Horrekin batera, enpresa batzordeak indarrean baina «aplikazio eguna zehaztu gabe» dagoen aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEE) atzera botatzea eskatzen du mobilizazioekin, eta halaber, Tubos Reunidos taldeak onartu dezala enpresa «bideragarria» dela eta «etorkizuna duela».

Sindikatuek diotenez, 2020an eta 2019an aurkeztutako ABEEak «alferrikakoak» ziren, eta zuzendaritzak «lan-malgutasunerako tresna gisa erabili ditu».

Bestalde, ELAk gogorarazi du maiatzaren 11n Trapagarango Productos Tubulareseko batzordeak bilera baterako deia egin ziola zuzendaritzari egoera desblokeatzeko, baina enpresak biltzeari «uko egin zion» eta esan du zuzendaritza Tubos Reunidos enpresako «egoera txarra» argudiatzera mugatzen dela, «eta ez du esaten, talde horren barruan, Productos Tubulares gaur egun bideragarria den eta etorkizuna duen enpresa dela», gaineratu du.

Batzordeak salatu du presidente izendatu berri batek ordainsari «neurrigabea» jasotzen duen bitartean, 450.000 euro ingurukoa 160.000 euroko hobariarekin, langileek soldatak «izoztuta» dauzkatela duela 4 urtetik. «Aitzitik, Administrazio Kontseiluak %81 igo ditu ordainsariak 2019an jasotakoarekin alderatuta», agertu du.