Euskararen aldeko mezuekin jantzitako pilotez bete dute Suprefektura Etxepare lizeoko ikasleek
Seaskako Bernart Etxepare lizeoko ikasle, irakasle eta langileak Baionako karriketan ibili ondoren, Suprefekturara ailegatu dira eta euskararen aldeko mezuekin idatzitako pilotak bota dituzte barnera. «Euskaraz ikasi eta bizitzeko, jo pilota!» ekimenaren baitan.
«Euskaraz bizi eta ikasi» idatzita daraman banderolaren gibelean eta hitz horiek oihukatuz heldu dira ostiral honen goizean Seaskako Bernart Etxepare lizeoko ehunka ikasle irakasle eta langileak Baionako Suprefekturaren aitzinera. Bertan, ‘Jo pilota!’ ekimenaren baitan, euskararen aldeko mezuekin idatzitako pilotak bota dituzte, batzuk palak lagunduta eta besteak eskuz, dena txaloen artean.
Suprefekturaren hesietan ‘Blanquer ustela, zure jukutriez gaindi, euskaraz ikasiko dugu’ kartela lotu dute. Non Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren marrazkia agertzen den buruz-goiti. Ailegatzean, ‘Loretxoa’ kantua kantatu dute dute bi ikaslek gitarra lagunduta, bertaratutako ikasle
Bidean, zuhaitzen artean banderoak ezarri dituzte Aturri ibaiaren bazterrean ekintzak dituen aldarrikapen ezbedinekin, ‘Molac legea errespetatu’, ‘Baxoa eta brebeta euskaraz’ dira horietariko batzuk.
Erreferentzia horiek eremu ezberdinei lotua da, besteren artean baxoa euskaraz egiten ez usteari, baina baita gaur Kontseilu Konstituzionalak hizkuntza gutxituen babeserako Molac legearen kontra bere bitartez ezarritako helegitea ere.
Brebeta euskaraz egin ahal izatearen aldeko mobilizazioak izan ziren ere asteazkenean Seaskak dituen lau kolegioen herrietan.
Aldarrikapenak
Bigarren Hezkuntzaren bukaeran egiten den baxoa azterketa ofiziala euskaraz egin ahal izatea Seaskako aldarrikapen historikoa da. Baina aurten, pandemiari loturik egoera ezberdina izan da, eta ikasturte honetan egindakoa adibide gisara hartuta, eredu jarraikia ezartzea eskatzen dute.
Pandemiareen testuinguruak hala aginduta eta lizeoko ikasleek beraiek eginiko presiopean Hezkuntza Ministerioak hobetsi du filosofia eta ahozko handia deituriko proba presentzialean (beraz frantsesez) egitea. Alta, gainerako ikasgaiak ebaluazio jarraikia segituz ebaluatuko dituzte.
Edonola ere, oso egoera berezian hartuko den erabakia izanen den neurrian Parisek harturiko hautu hori ezin dela inondik inora garaipenatzat hartu argi dute gazteek.
Horrekin batera, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko gazteek goi ikasketak euskaraz egiteko orduan atzematen dituzten zailtasunak agerian jarri dituzte.
Estatuen esku dagoen eskunduntza dela gogoratzeaz aparte, Hego Euskal Herriko administrazioek egoera bestela lantzeko aukera badutela adierazi dute, hala nola mugaz gaindiko harremanak arautzen dituen Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen baitan aterabideak landuz.
Ondorioz, azkeneko urteotan bezala lizeoa euskaraz ikasi duten Iparraldeko ikasleen %10 baino gutxiagok eginen du ondoko ikasturtean Hego Euskal Herrira joateko hautua. Gainerakoek, goi-ikasketak burutzeko xede Euskal Herritik kanpo, frantses unibertsitatetara, jo beharko dute, ezinbestean.