INFO

‘Izadi gurasoekin etxera’ ekimenak igande honetan kalejira animatua egingo du Burlatan

Algortako Iñigo Gutierrez eta Burlatako Maria Lizarraga presoen alaba da Izadi. Hiru urte beteko dituenean gurasoengandik banatzera behartuko dute. Gurasoekin izateko eskubidea aldarrikatzeko kalejira animatua eta mural margoketa egingo dute igande honetan, Burlatan.

This browser does not support the video element.


Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal preso politikoen alaba Izadi Valentziako Picassent herriko espetxean jaio zen, 2019ko urtarrilaren 23an. Urte eta erdiz bere amarekin Picassenteko amen moduloan egon ondoren, azarotik Iñigo eta Mariarekin bizi da Aranjuezeko familien moduloan.

2022ko urtarrilean 3 urte beteko ditu eta kartzelatik atera beharko du haurrak. Gainera, iazko martxotik ezin ditu bere senideak besarkatu eta ezin da kalera atera, oraindik Burlata ezagutzen ez duelarik.

Burlata eta Algortako norbanako ezberdinek ‘Izadi gurasoekin etxera’ plataforma sortu zuten, haurra «motxiladun ume bilakatzea» ekiditeko. Ez hori bakarrik, Izadiren egoera eta espetxean dauden umeen egoera «larria» ezagutzera eman nahi dute. «Egunero, erakundeek oinarrizko eskubideak ukatu egiten dizkiote, hala nola, elikadura osasungarria eta inguruarekin kontaktua izateko eskubidea», salatu du plataformak.

Atzerako kontaketa bat hasi zen Izadi jaio zenean, eta, igande honetan, maiatzak 23, hain zuzen, gurasoekin izateko eskubidea aldarrikatzeko «kalejira animatua» antoaltu du plataformak. Hala, 12.00etan Burlatako Askas plazatik abiatuko da eta bertan parte hartzeko deia egin du. Gainera, mural margoketa ere egingo dutela iragarri dute.