INFO

Araskik Bea Sanchez pibota fitxatu du bere uztaipeko jokoa sendotzeko asmoz

Azken urteak Ferrolen, Gironan eta Lugon eman ditu pibot andaluziarrak. 2017ko Eurobasketean urrea lortu zuen eta 2018ko Munduko Txapelketan brontzea 31 urteko jokalari cadiztarrak. Tamara Seda, Laura Pardo eta Gracia Alonsorekin barruko jokoa ia erabat osatu dute gasteiztarrek.

Bea Sanchezen irudia Araskiren aurka, Ferrolen jokatzen ari zela. Orain Gasteiza etorriko da pibot andaluziarra. (Juanan RUIZ / FOKU)

«Pozarren eta hasteko irrikaz. Goazen ba!», txiokatu du Bea Sanchez pibotak Kutxabank Araskik pibot andaluziarraren fitxaketa publiko egin berritan. Talde gasteiztarrari Lugoko Ensino taldera Tamara Abalde hegal-pibotak alde egin baldin badio, bueltan Bea Sanchez, 31 urteko pibot cadiztarra etorri zaio, 2021/22 denboraldian Araskiren barruko jokoa sendotzeko asmoz.

«Bea Sanchez, eskarmentua Araskiren barneko jokoarentzat», jarri du talde arabarrak izenburutzat pibot andaluziarra fitxatu duela adierazteko. Hala da, bai, mailarik altuenean jokatzea ederto asko bai baitaki Sanchezek: Euroliga, Eurocupa, Eurobasketa eta Munduko Txapelketa jokatzea ere bai baitakizki 31 urteko eta 1,90 metro neurtzen dituen pibot honek.

Ez da nonnahi geldirik geratzeko zalea pibot andaluziarra. Emakumeen Ligako bigarren mailan eman zituen bere aurreneko pausoak, 2008/09 denboraldiaz geroztik. Tenerifeko CB Uni Cajacanarias, ADBA, Uni Ferrol eta Bembibre izan zituen etxeko talde eta Bembibrerekin erdietsi zuen Emakumeen Ligako goreneko mailara iristea.

Dena den, bere kalitaterik gorena Ferrolen eman zuen ezagutzera, Maria Araujo hegal-pibotarekin batera sekulako barruko jokoa osatuz. Galiziarrak Emakumeen Ligako finalerdietaraino eramateko kapaz izan zen Sanchez eta Espainiako selekzioarekin 2017ko Eurobasketean urrezko domina eskuratu zuen, baita 2018ko Munduko Txapelketan brontzea ere. Hain zuzen, 2018an Gironara joan zen pibot cadiztarra.

Gironan Liga irabaztea ere lortu zuen, baina hernia diskal batek jota utzi zuen eta, ondorioz, Gironatik Lugoko ensino taldean eman ditu azken bi urteak. Arazoak arazo, batez beste 7,3 puntu eta 5,6 errebote lortu ditu Sanchezek.

«Pasioa eta oreka»

«Zaleekin konektatzeko irrikaz nago, hori baita gehien baloratzen dudan gauzetako bat eta gehien atsegin dudana ere. ‘Made’ –Urieta– eta bere lantaldearekin lan egiteko gogo handia dut, eta ziur nago ahalik eta gehien eskatuko didatela eta nire onena aterako dutela», adierazi du Bea Sanchezek, Araskiren webguneari eskainitako adierazpenetan.

Sanchezek «konpromisoa, izaera eta inplikazioa» ekarriko ditu. «Jokalari oso langilea naiz eta denboraldi bakoitzean pauso bat gehiago eman nahi dut, beti ere taldearen zerbitzura. Eta zentzu horretan, talderik egokiena Araski dut», gaineratu du.

Madelen Urietaren balorazioa ere ezin baikorragoa da jokalari berriarekin. «Pistan duen eskarmentua eta pasioa, harmailekin nola konektatzen duen eta jokaldi bakoitza nola bizi duen, bi aldeek gure bidea elkartu nahi izateko gakoa izan dira. Jokoa irakurtzeko eta paseak emateko gaitasun handiko jokalaria da, jaurtiketa oso onekoa eta une beroetan ausarta. Pieza garrantzitsua izango da gure barruko jokoaren barruan, eta oreka emango die taldekideei», aztertu du entrenatzaile gasteiztarrak.

Tamara Sedari eta Laura Pardori kontratua berritu ondoren, eta Bea Sanchez zein Gracia Alonso fitxatu ostean, uztaipeko jokoa ia erabat osatu du Araskik datorren denboraldiari begira. Orain ikusi egin behar Laura Quevedoren ordezkoa zeinen bitartez aurkitzen duen Madelen Urietak.