INFO

Hego Euskal Herriko grebaren bezperan, Katalunian BBVAko langileek kaleak hartu dituzte

Kataluniako BBVAko langileek greba egin dute astearte honetan, zuzendaritzak iragarri zituen 3.000tik gorako kaleratzeen kontra. Asteazkenean Estatu espainiar osoan egingo dira lanuzteak eta Hego Euskal Herrian bankuko bulego ugarik iragarri dute itxiko dutela.

Katalunian asteartean egindako mobilizazioen irudi bat. (@SEC_CIC)

ELA, LAB, CGT, SEC-CIC, CIG eta SCAT sindikatuek Katalunian BBVAk Estatu espainiarrean 3.000 kaleratze baino gehiago gauzatzearen kontra deitutako greba egunak %90eko jarraipena izan du, sindikatuek jakitera eman dutenez.

«Gure ahotsak altxatu ditugu BBVAko EREak ordezkatzen duen aurrekaririk gabeko eraso honen aurrean, moraltasun ezaren aurka eta ditugun tresna guztiekin gehiegikeria honi aurre egiteko», agertu dute sindikatuek prentsa-ohar baten bitartez.

Katalunian BBVAko egoitza ugari itxi dituztela esan dute eta zenbait eskualdeetan laneko zentro guztiak ixtea lortu dutela. Bestalde, Bartzelonan, Tarragonan, Lleidan eta Gironan deitutako elkarretaratzeek jarraipen «masiboa” izan dutela segurtatu dute.

«Argi dago ozen garrasi egitea nahi dugula, eta argi dago daukagun lotura dela gure indarrik indartsuena eta baliotsuena. Bi egunez jarraian lan-jarduera geldituko dugu Katalunian gure lanpostuak defendatzeko», adierazi dute.

Berrikuntzak negoziazioan

BBVAko zuzendaritzak iragarri zuen Estatu espainiarrean 3.798 langile kaleratuko zituela, 2021eko lehen hiruhilekoan 1.200 milioi euroko irabaziak izan dituen arren. Sindikatuekin negoziazioak hasi zituenean, eskaini zien kaleratze horiek 3.331ra murriztuko zituela, baina langileek ez zuten onartu.

NAIZek sindikatuetako iturrien bitartez jakin duenez, orain 493 langile birkokatzea jarri du mahai-gainean enpresak, horrela, sindikatuek onartuz gero, kaleratzeak 3.305era jaisteko. Birkokatze horiek, dena den, baldintza batzuk bete beharko lituzkete. Tartean, langile horiek murrizketak jasango lituzkete jardunaldietan eta mugikortasun geografikoa onartu behar dute halabeharrez.

Horrez gain, entitateak 50 urtera jaitsi du enplegatuek aurre-erretiroa hartzeko duten atalasea, baina sindikatuei proposatu die 50 urtetik gorako langile kaltetuak ez izatea %50 baino gehiago. Horrek esan nahi du Enplegu Erregulaziorako Espedienteak saihestu eta aurre-erretiroak adostu beharrean, batik bat gazteei edo 50 urtetik beherakoei eragingo diela kaleratzeak.

Asteazkenean, sindikatuek Hego Euskal Herrian antolatu dituzte mobilizazioak BBVAk iragarritako plantila murrizketaren aurka. Elkarretaratzeak egingo dituzte lau hiriburuetan eta manifestazioa Bilbon.