INFO

Pentsiodunen mobilizazioarekin bat egin dute Bizkaiko hainbat gazte eta ikasle antolakundek

Maiatzaren 29an, larunbatean, Hego Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Gu Ere Bagara Bilbo, Eragin, Ikama, Ikasle Sindikatua eta Ernai gazte eta ikasle antolakundeek.

Gu Ere Bagara Bilbo, Eragin, Ikama, Ikasle Sindikatua eta Ernai pentsiodunen mobilizaziora batu dira.

Gu Ere Bagara Bilbo, Eragin, Ikama, Ikasle Sindikatua eta Ernai gazte eta ikasle antolakundeek pentsiodunen mugimenduak larunbaterako, maiatzak 29, antolatu duen mobilizazioetan parte hartzera deitu dute astearte honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan.

«Hiru urte kalean, hiru urte borrokan. Erraz esaten den arren, lan, antolakuntza eta borroka ikaragarriarekin soilik egin daiteke Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak aurrera daraman borroka; gazteontzat eredu zarete», adierazi dute gazte eta ikasleek Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduko hainbat kideekin egindako agerraldian.

Azken aldiotan aldarrikatutako pentsio duinak, publiko eta bidezkoak «arriskuan» daudela nabarmendu dute. Gogoratu dutenez, 2011 eta 2013ko erreformek babestutako murrizketak ez dira bertan behera utzi, eta «Toledoko Ituna ikusita, prekarizazioa, txirotasuna eta desparekotasuna areagotzeko aukera mahaigainean dago».

«Gobernu espainiarra eta erkidegoen partez aldarrikapen hauei emandako erantzunak guztiz ez nahiko direnez, mobilizazio eta borrokara deitzea baino ez dugu pentsionisten eta gizarte osoen eskubideak bermatzeko», adierazi dute.

Gazteen egoera

Hego Euskal Herrian 25 urtetik beherako 16.196 gazte langabezian daudela gogoratu dute, hau da, 3 gaztetik 1. Gainera, lanean ari direnak lan prekarioak dituztela salatu dute: «2012ko lan erreformatik gaur arte %7 jaitsi da gazteon bataz besteko soldata (bizi maila garestitzearekin batera), eta gazteon kasuan ere, emakumeek are egoera prekarioagoa bizi dugu».

Lan eremuko prekarietateaz gain, bizitzako esparru guztietan zapaldu eta prekarizatuak daudela baieztatu dute: «Gazteon egoeraren inguruan hitz egin beharrean, kriminalizazioa da erakunde eta komunikabideetatik jasaten dugun bakarra».

Covid-19ak sortutako krisiak egoera «larriagotu» duela eta «zapalkuntzak azaleratu» dituela nabarmendu dute.

«Gazteok pairatzen dugun prekarizazioak eta pentsioen aurkako erasoek harreman estua dute. Lan-arloan jasandako desregulatzeak, subiranotasun faltak, botere politikoaren suntsipena Europar Batasun eta enpresa erraldoien partez… Argi dugu kapitalismoaren energia-iturri nagusienetariko bat gizakia dela. Gazteria eta pentsionisten erronka partikularrek borroka bera osatzen dutela, eta bide bakarra dugula mugimendu guztien aldarrikapenak burutzeko», azpimarratu dute.

Hori guztia dela, pentsio duinen aldeko borrokara batzera deitu dute gazteria langileari. «Egungo prekariook eta biharko pentsionistek etsai bera dugu eta. Maiatzaren 29an, kalera!», aldarrikatu dute.

Agerraldian Jon Fano Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak ere hartu du hitza. Gazteei eta ikasleei eskerrak eman dizkie, eta pentsio duinen aldeko borroka «guztiengan eragina duen etorkizuneko borroka» dela gogorarazi du. Era berean, sektore guztietako borrokak batzearen garrantzia nabarmendu du.