Euskal Herriko sei arraun elkartek hartuko dute parte Espainiako Trainerilla Txapelketan
Emakumezkoen maila nagusian Donostiarra eta Deustu dira asteburuan Castro Urdialeseko hitzordura joango direnak, eta gizonezkoen senior mailan Santurtzi, Zierbena eta Isuntza. Jubeniletan ere ontzi bana aurkeztuko dute santurtziarrek eta lekeitiarrek, Pasai Donibanerekin batera.
Euskal Herriko sei arraun elkartek hartuko dute parte asteburuan Castro Urdialesen jokatuko den Espainiako Trainerilla Txapelketan. Guztira zortzi ontzi uretaratuko dituzte, bi elkartek bina trainerilla eramango dituztelako lehiaketara.
Emakumezkoen maila nagusian Deustu eta Donostiarra izango dira euskal ordezkariak. Donostiarrek irabazi zuten aurreko asteburuan Euskadiko Txapelketa eta bizkaitarrek hirugarren amaitu zuten, Castron izango ez den Orioren atzetik. Maila honetan arituko diren beste taldeak Astillero, Castro, Cabo, Chapela eta Robaleira izango dira.
Gizonezkoen maila nagusiari dagokionez, Santurtzi, Zierbena eta Isuntza izango dira euskal ordezkariak. Santurtziarrak nagusi izan ziren Euskadiko Txapelketan Zierbena menderatuz, eta hirugarren izan zen Bermeo ez doa Castrora. Hiru euskaldunekin batera arraun egingo dutenak Camargo, Pedreña, Bueu, Cabo, Ares eta Samertolameu dira.
Eta, azkenik, jubenil mutiletan, Isuntza, Pasai Donibane eta Santurtzi arituko dira –hurrenkera horretan amaitu zuten Euskadiko Txapelketan–. Aurkari izango dituzte La Planchada, Camargo, Castro, Bueu, Cabo, Chapela eta Naron.
Sailkapen estropadak larunbat arratsaldean jokatuko dira, 17.00etan hasita, eta finalen txanda igande goizean iritsiko da, 11.00etatik aurrera (B finalak 11.00etan, A finalak 12.00etan).