Zaintza publiko eta duinaren aldeko federazio berri bat sortuko dute EAEko zenbait elkartek
Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek federazio bat sortuko dute zaintza sistema aldatzeko asmoz. «Urteak daramatzagu lanean, eta horretan jarraituko dugu, zainketen kalitate txarra eta pribatizazioa salatzen ditugunak gero eta gehiago garelako», esan dute.
Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek federazio bat eratzea erabaki dute, «adinekoen zaintzari dagokionean batera aurrera egiten jarraitzeko». «Urteak daramatzagu lanean, eta horretan jarraituko dugu, zainketen kalitate txarra eta pribatizazioa salatzen ditugunak gero eta gehiago garelako», nabarmendu dute, eta gaur egungo zaintza ereduak ez duela balio ohartarazi dute. Haien ustez, aldatu egin behar da.
Agerraldi batean esan dutenez, egoitzen eta zaintzen egoera aztertu ondoren, bilera bat eskatu diote Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua den Beatriz Artolazabali, «eta Eusko Jaurlaritza sortzen ari den foroetan parte hartzeko eskaria egin diogu».
«Bi hilabete daramatzagu, prentsaren bidez, aldundiak eta Eusko Jaurlaritza sortzen ari diren organo eta batzordeen berri izaten, eta horietan guztietan ahaztu egiten dira senideen elkarteetaz. Hori bai, ez dira ahazten enpresa handietaz, irabaziak lortzen ari direnak eta kalitatezko zerbitzurik ematen ari ez direnak, agerraldietan haien ondoan agertzen direnak. Zergatik ez duzue nahi gu foro horietako kide izatea? Datu asko dauzkagulako zuen lana gaizki egin duzuela frogatzen dutenak?», galdetu dute.
Marra gorria
Haien ustez, aldundietatik egiten ari diren adierazpenek «marra gorria pasatu zuten aspaldi». «Osakidetzako arduradun batek Gipuzkoako egoitza bateko hildakoen kopurua benetakoa ez zela salatu zuen Legebiltzarrean eta, horren aurrean, Gipuzkoako Gizarte politiketako diputatuak erantzun zuen ez zuela ‘datu errealen eta ofizialen arteko bat-etortze faltarik ikusten’, eta gaineratu zuen ez zela ‘beste egoitza batzuetan gertatutakoaren desberdina’», gogoratu dute.
Eta Bizkaiari dagokionez, «Gizarte Ekintzako diputatuak covida dela eta egoitzetan izan diren hildakoen datuak ezkutatu eta manipulatu» dituela salatu dute. «Dioenez, inkestak egin ditu, baina ez dakigu zer galdetu duen, ezta zenbat eta non egin dituen ere. Hori bai, inkesten emaitza da senideok oso gustura gaudela kudeaketarekin. Bere burua zoriontzen du ondo jarduteagatik».
Halaber, Arabako Gizarte Politiketako diputatuak «gauza bera» esan duela azpimarratu dute; «egoitzetako kudeaketa ona, egoitzen kontrola, egin diren ikuskapen ugariak eta dena perfektua zegoela nabarmentzen du». «Prentsak argitaratu du ikuskapenetako aktaren bat, irregulartasun larriekin, hala nola positibo baten kontaktu zuzena zen pertsona bat lanean izan zuen egoitzarena. Osasun Sailaren protokoloei kontra egiten dio honek, positibo baten zuzeneko kontaktua isolatu egin behar dela esaten baitute. Baina ez zitzaion hain larria iruditu Arabako Aldundiari, ez baita zigorrik izan», gaineratu dute.
Beraiek egindako inkesten emaitzak
Gogoratu dutenez, badira hilabete batzuk hiru aldundiek kanpaina bat hasi zutela, «oso ondo diseinatua eta eskura dituzten baliabide guztiekin. Kanpaina horretan adierazten ari dira egungo zaintza eredua aldatuko dutela eta egoitzetan, bisitei eta irteerei dagokienez, normaltasunera itzultzen ari direla». Baina beraiek egindako inkestek beste egoera bat erakusten dute.
«Guk inkestak egin ditugu Arabako egoitzen ia %70ean, Gipuzkoakoen %55ean eta Bizkaikoen %65ean. Eta Inkesta horietatik ateratako datuak oso argigarriak dira», adierazi due.
Hala, datu horien arabera, Arabako egoitzen %40an ez dago irteerarik egunero; eta %98an, irteerek iraupen bat dute, ordu batetik bi ordura eta bisitek, berriz, beste bat 15 minututik bi ordura bitartekoa. Gainera, «egoitzen %90ean ez dago erabiltzailearen osasunari buruzko informaziorik; eta egoitzen %40an ez da inolako jarduerarik egiten erabiltzaileekin. Egoitzen %30ean senideek ez dakite jarduerarik egiten den ere».
Gipuzkoan, «%98k ezin dituzte bisitak irteerekin ordezkatu, eta irteeren iraupena asko aldatzen da egoitza batetik bestera. Ordu batetik bi ordu eta erdira bitarteko iraupena izaten dute egoitzaren arabera». Gainera, «egoitzen %95ean ezin da aukeratu bisita goizez ala arratsaldez egitea; eta egoitzen %100ean debekatuta dago sartzea».
Bizkaian «egoitzen %44k ez du irteerarik egunero; eta %50ek bisitaren edo irteeraren artean aukera dezakete. Egoitzetako batean, gutxienez, kexa bat jarri behar izan zen egunero irteerak egin ahal izateko». «Irteera guztiek 30 minutu eta bi ordu arteko iraupena dute. Ez da mugagabea. Eta %72an ezin da aukeratu bisitetarako eta irteeretarako ordutegia eta goizez edo arratsaldez nahi den. Horrek familia eta lana uztartzea eragozten du», ohartarazi dute.
«Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian bezala, egindako inkesten balorazioak baieztatu digu egoitzetan neurri murriztaileak malgutzea errealitate izatetik oso urrun dagoela. Halaber, zainketen kalitatea ez da bertuteetako bat, eta senideak eta erabiltzaileak inolako parte-hartzerik gabe uzten dituzte», nabarmendu dute.