INFO

Maialen Berasategiren ‘Eskuan beti zerbait’ bildumak jaso du DK Poesia Saria

Maialen Berasategi Catalanek jaso du IV. Donostia Kultura Poesia Saria, ‘Eskuan beti zerbait’ olerki bildumagatik. Feminitatearen eta feminismoaren gaineko «begirada freskoa» eskaintzen du obra sarituak.

Maialen Berasategi Catalan, obra sarituarekin. (Jon URBE | FOKU)

Maialen Berasategi Catalanen lehen poesia liburua da ‘Eskuan beti zerbait’, IV. Donostia Kultura Poesia Saria jaso berri duen obra. Modu liriko batean, liburuak feminitatearen eta feminismoaren gaineko «begirada freskoa» eskaintzen duela jarri du balioan epaimahaiak lana saritzerako orduan.

Sariketa Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak sortu zuten orain lau urte idazle gazteen lana zein poesia sustatzeko asmotan eta, editorialeko kide Aritz Gorrotxategik aurkezpenean azaldu duenez, Berasategik euskararen jarduna euskararekin lotuta dagoela ere antzematen da obran, «bikain idatzitako obra bat baita».

Berasategiren lehen poesia bilduma da ‘Eskuan beti zerbait’, baina ez da bere izena daraman lehen liburua. Itzulpengintza ibilbide bat badu gasteiztarrak eta, batez ere, feminismoarekin lotutako lanak ekarri izan ditu eukarara, besteren artean Adrienne Rich-en ‘Emakumeagandik jaioak: Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa’ (Txalaparta, 2020) eta autore beraren ‘Poesia Kaiera’ (Susa), Carole Pateman-en ‘Kontratu sexuala’ (Elkar, Jakin; Eskafandra bilduma, 2018) edota Monique Wittig-en ‘Pentsamendu heterozuzena’ (Susa; Lisipe bilduma, 2017; elkarlanean itzulia).

Egile gasteiztarrak ‘Poesia eta pentsamedua 2021’ poesia errezitaldian hartuko du parte, ekainaren 14an 19.30ean, Victoria Eugeniako Club aretoan.