INFO

2020ko grebarekin lotuta espetxe zigor eskaera jaso duen pertsona babestu du Eskubideen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek mobilizazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, «Lan, pentsio, bizitza duina aldarrikatzea ez da delitua» leloarekin, 2020ko urtarrilaren 30eko grebarekin lotutako auzipetua babestu eta borrokaren kriminalizazioa salatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren mobilizazioa Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

«Lan, pentsio, bizitza duina aldarrikatzea ez da delitua» leloarekin, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egin du asteazken honetan Gasteizko Justizia Jauregian, bertan epaitzekoa zirelako 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin lotuta 18 hilabeteko espetxe zigor eskaera jaso duen pertsona.

«Gasteizen elkartu gara agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak egotzita epaitu duten pertsona bati gure babes osoa emateko, joan den urtarrilaren 30eko greba orokorraren egunean gertatutako istiluetan, pertsona hori ez zuten identifikatu, ezta atxilotu ere egun horretan, baino 18 hilabeteko kartzela zigorra eta kalte-ordaina eskatzen diote», azaldu du Eskubideen Kartak.

Hala, pertsona horren absoluzioa eskatu du, eta «irmoki» salatu «errepresioa eta askatasun politikoen aurkako epaiketa honek dakarren eraso larria».

Izan ere, azken hilabeteotan grebalarien aurka jaso ditugun isunak salatzeko elkartu direla azpimarratu du, ez baita onargarria «aldaketa soziala kriminalizatzeko saiakera berri hau».

«Gure lan eta bizi baldintzak pobretu eta prekarizatzen dituztenek etxean, isilik eta sumiso nahi gaituzte. Ez da onargarria eskubide sozialen alde dauden herritarrak zigortzea, kapitala pertsonen bizitzaren gainetik jartzen dituztenekin akordioak egiten diren bitartean», salatu dute.

«Orduan esaten genuen bezala, gaur lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzen ditugu. Horretarako, politika publikoen lehentasunak aldatzea, indarrean dagoen eredu sozio-produktiboa eraldatzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak garatzea… aldarrikatzen ditugu», nabarmendu du Eskubideen Kartak, eta lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi du.