Asel Luzarragak ziklo distopiko bat itxi du ‘Malthusen ezinegona’ eleberri berrian
Asel Luzarragak asteazken honetan, Elkar argitaletxea eta Xabier Mendiguren editorearekin batera, ‘Malthusen ezinegona’ aurkeztu du Donostian, ‘Karonte’ eta ‘Biokliken’ ostean ziklo distopiko bat ixtera datorrena.
2222. urtean gatazkarik gabeko bizimodua daramate «ezabatze handitik» bizirik atera diren gizakiek. Milioi bat dira guztira, oreka ekologikoa lortu da eta orgiaz orgia bizi dira. Ez lanik, ez gaixotasunik, ez ardurarik gabe, eta erabaki politikorik hartu behar izan gabe, makina bat arduratzen baita horretaz, eta sinpleki bizitzera bultzatzen ditu gizakiak, ondo pasatzera eta ez kezkatzera.... Eta hala ere, arazoak sortzen dira, Malthus hor dagoelako.
«Bizitza eroso horrekin deseroso» dagoen pertsonai hau da ‘Malthusen ezinegona-ren’ protagonista. Asel Luzarragak ostegun honetan aurkeztu du Donostian, Xabier Mendiguren idazle eta editorearekin batera, bere hamargarren eleberria, ‘Karonte’ eta ‘Biokliken’ ostean ziklo distopiko bat ixtera datorrena.
Eleberriaren muina, urria aldera, pelikula bat lasai-lasai ikusten ari zela, etorri zitzaiola kontatu du Luzarragak: «Malthus etorri zen burura, sukar moduko bat izan zen. Idazteko beharra sentitu nuen, obsesionatu egin nintzen eta lau hilabetetan amaituta zegoen».
Pertsonaia nagusira itzulita, Luzarragak «rara avis» gisa deskribatu du Malthus, distopia baino, mundu utopiko batean bakean utziko ez duten gogoeta filosofikoak ere sortzen direla erakusten duena. Eta Nietzsche izango da horren erruduna. Filosofoaren arabera, bizitzaren agerpena ezin da pentsatu ere egin botere-nahia gogoan izan gabe. «Zer falta zaio Malthusi? Besteen gaineko boterea erabili behar izatea», azaldu du idazleak.
Barruan borborka sumatzen duen botere-nahia nola ase ez dakiela, Malthus apurka deskubrituko du «mundu perfektu horren arrakalak eta gezurrak», eta gogoeta batek beste batera eramango du: «Denbora bera arazo bihurtzen al da? Nola bete denbora? Nora ekarri gaitu ustezko oparotasunak? Nola heldu gara mundu hau sortzera?».
Bide horretan, garai batean abandonatutako etxe baten aurkikuntzak historia ofizialetik kanpoko gauzak azaleratuko ditu. «Bertan liburutegi handiak, binilo zaharrak, whisky botilak agertauko dira. Eta hor berak egiten du hausnarketa sormenaren eta artearen dekadentziaz. Gizarte horretan, non bakoitzak egiten duen nahi duena ardura handirik gabe, hasi da agortzen irudimena, kopiaren kopiaren kopia». Eta beste galdera bat, Malthus barrutik kiskaltzen duena: «Noraino bizi gaitezke zoriontsu, lasai, sortzaile izan barik?»
Orduan Judith agertuko da. «Kontrapuntua da, ispilua. Hausnarketa paraleloak ditu, baina beste ildo batetik», nabarmendu du idazleak, pista gehiago eman gabe. Kartzelarik gabeko gizarte baketsu horretan, armak deskubituko dituztela ere aurreratu du, eta Malthus bere antzeko pertsonekin topatuko dela, baita «ezabatze handi» horretatik ihes egindako «gizaki basatiekin» ere.
Nobelaren istorioa gertatzen da egun bakar batean, baina 24 ordu horietan atzera saltoak eginez azken 20 bat urtetan gizateriak eginiko ibilbidea arakatuko du. «Joango da atzera begira, gogoratzen puntu horretaraino egon diren aurkikuntza guztiak, eta ziklo distopikoa itxiko da», nabarmendu du.