INFO

Igandean jokatuko da Gipuzkoako Traineru Txapelketa goiztiarra 25 ontzirekin

Lehiaketa 11.00etan hasiko da Donostian beteranoen estropadarekin, baina begirada guztiak txanda nagusietan jarrita egongo dira. Gizonezkoetan Zarautz, Donostiarra, Orio eta Hondarribia izango dira nor baino nor, eta emakumezkoetan Hondarribia, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio.

Hondarribiak iazko garaipena errepikatu nahiko du igandean Donostian (Gorka RUBIO / FOKU)

Gipuzkoako Traineru Txapelketa igande honetan jokatuko da Donostian, Kontxako badian. Normalean lehiaketa hau uztailaren erdi aldera jokatzen den arren, aurten aurreratzea erabaki du Gipuzkoako Arraun Federazioak eta traineru liga nagusiak hasi aurretik egingo da.

Estropada 11.00etan hasiko da, baina arraun egiten lehenak beteranoak izango dira. Hiru ontzi aurkeztu dira: Badok 13 (Zarautz), Zumaia eta Fortuna.

Ondoren lau ontziko hiru txanda izango dituen gizonezkoen senior lehia hasiko da. Lehen txandan Trintxerpe, Hibaika, Mutriku eta Lapurdi irtengo dira. Bigarrenean Zumaia, San Juan, Getaria eta San Pedro. Eta hirugarrenean Zarautz, Donostiarra, Orio eta Hondarribia, aurten Eusko Label Ligan arraun egingo duten lau traineru gipuzkoarrak.

Azkenik, emakumezkoen proba hasiko da hamar traineruren parte hartzearekin. Lehen txandan Zarautz eta Lapurdi irtengo dira. Bigarrenean San Juan, Zumaia, Hibaika eta Tolosaldea. Eta hirugarrenean Hondarribia, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio, Euskotren Ligako lau ontziak, hain zuzen ere.

Iaz, Hondarribiarentzat izan zen garaipena gizonezkoen mailan eta Oriorentzat emakumezkoetan. Eta aurten ere bi traineru horiek oso sasoiko daudela erakutsi zuten aurreko asteburuan Lekeition jokatu zen estropadan.