INFO

Itziar Ariztimuñok seigarren denboraldia osatuko du Lointek Gernika Bizkaiarekin

Roso Buch eta Belen Arrojorekin batera, antolatzaile bilbotarra da talde gernikarrak datorren denboraldiari begira lotu duen hirugarren jokalaria. Defentsako lan zikina egiteaz haratago, Indautxukoa harrobiarentzat ere erreferente da. Lara Gonzalez Donostiarrak Zaragozan jokatuko du.

Itziar Ariztimuñok seigarren urtea beteko du Lointek Gernika Bizkaian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Itziar Ariztimuñok Lointek Gernika Bizkaiarekin zuen kontratua beste urte batez berritu du eta seigarren denboraldia osatuko du. Antolatzaile bilbotarra Emakumezkeen Endesa Ligako onenetarikoa da defentsa lanetan eta Mario Lopez entrenatzailearen konfidantza bereganatu du bere lan gogorrari esker.

Bere hanka arinekin aurkariak gogaitzen ditu eta erasoan bere abiaduraz baliatzen da saskirako bidea aurkitzeko eta erasoan, nahiz eta ez duen zenbaki txundigarririk –aurten 2,7 puntu, 1,7 errebote eta 1,2 asistentzia eskuratu ditu batez beste 15 minutu eskasetan–, beste taldekide batzuek dira puntuak bermatu behar dituztenak, Ariztimuñori antolatzaile titularrari atsedena eman eta defentsa indartzea dagokion bitartean.

Hirugarren kontratu berritze honekin, Lointek Gernika Bizkaiak dagoeneko maila altuko kanpoko lerroa lotu du 2021/22 denboraldirako, Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Belen Arrojorekin.

23 urte egitear dela, eskarmentu handiko jokalaria da Indautxuko antolatzailea, eta harrobiko jokalarien erreferente. «Umeek kaletik ikusten nautenean agurtzen naute eta hori zoragarria da. Badakit jokatzen ikusten nautela eta nire helburuetako bat saskibaloia hedatzea da eta horretara animatzen ditut. Jokalari eta talde moduan gure onena eman behar dugu, eredu izan», adierazi du antolatzaile bilbotarak Lointek Gernika Bizkaiarenb webgunean.

Lara Gonzalez, Donostiatik Zaragozara

«Beste etapa berri bat» hasi behar zuelako, Lara Gonzalez antolatzaile donostiarrak IDK Euskotren utzi eta Casademont Zaragozan jokatuko du datorren urtean.

Zortzi denboraldi eman ditu jokalari gipuzkoarrak Azu Muguruzaren aginduetara, 18 urte bete gabe, 2012/13 denboraldian Emakumeen Ligan debuta egin zuenez geroztik. Defentsa lanetan eta antolatzaile titularrari atsedena ematen ohituta, Gonzalezen batez bestekoak ez dira beste mundukoak: 3,2 puntu, 1,9 errebote eta 1,3 asistentzia, joan den sasoiari begira jarriz gero. Alabaina, partida estuetan oso fidagarria eta gogorra dela erakutsi du jokalari donostiarrak. Izaera horri jarraituz, IDK Euskotreneko kapitaina izan da azken denboraldietan.

Orain, 26 urte dituela, eskarmentua eta gaitasun fisiko bikaina eskainiko dizkio Lara Gonzalezek Zaragozako taldeari.

Quentin Serronek, agur Bilbao Basketi

RETAbet Bilbao Basketi dagokionez, talde bilbotarra eta Quentin Serron hegaleko belgiarra adostasun batera iritsi dira bien arteko harremana hausteko.

Axel Bouteille Malagara joan eta gutxira iritsi zen Serron Bilbora, covid-19aren pandemia dela-eta lehiaketak eten baino hilabete eskas aurretik. Lehiaketen etenak, lesioak eta Bilbao Basketen kirol egoera petralak ez diote Serroni nahi adina luzitzen utzi bere kirol gaitasuna, baina bizkaitarek ACB Ligan jarraitzeko ezinbestekoa izan da, batez ere defentsa lanean erakutsi duen ekinagatik.

Hargatik, Bilbao Basketek bere webgunean eskegitako oharrean «eskerrak» eman dizkio hegaleko belgiarrari «erakutsi duen profesionaltasun eta sakrifizioagatik. Apaltasun, gizalege eta gizatasun eredugarria» azpimarratu dizkio jokalariari talde bizkaitarrak, «nola kantxa barruan ala kanpoan».

Bestalde, oraindik konfirmatzeke badago ere, Bilboko hedabideen arabera Felipe Dos Anjos pibot brasildarrak ere ez du Bilbao Basketen jarraituko.