Euskarazko sorkuntza, jalgi hadi Ziburuko plazara
Pixkanaka bueltan dira sortzaileak eta publikoa batzen dituzten ekimenak. Bihar Ziburun iraganen den liburu eta disko azoka da horietako bat. Maiatz, Elkar, Susa eta Txalaparta argitaletxeek ekitaldiaren garrantzia eta horrek eskaintzen dituen aukerak azpimarratu dituzte.
Bihar Ziburun eginen den II. Euskal Liburu eta Disko Azokan parte hartuko duten argitaletxeak bat datoz. Berri pozgarria da ekimen kulturalak antolatu ahal izatea. Osasun krisiak eragindako urte «zailaren» ondotik, euskarazko sorkuntzen egileek eta irakurleek Lapurdiko herrian bat egitea «albiste ona» da. Orotara, Euskal Herriko 22 argitaletxek parte hartuko dute ekimenean.
Horietariko bat Ipar Euskal Herriko Maiatz argitaletxea da. Baldintza zailetan horrelako ekimen bat antolatzea eskertzekoa iruditzen zaio Lucien Etxezaharreta elkarteko koordinatzaileari. Bere erranetan, «oso pozgarria» da, lanak aurkezteko aitzakia bat ere badelako. Hain zuzen, Maiatz argitaletxeak, besteak beste, Frantxua Caset-en eta Emilio Lopez Adanen obrak aurkezteaz gain, 25 idazlek osatzen duten “Maiatz” aldizkariaren bigarren zenbakia eskainiko du.
Berrikuntzen isla izateaz harago, egileak eta irakurleak elkarrekin aurrez aurre mintzatzeko parada ere bada azoka. «Liburu- denden sarea hor da eta oso garrantzitsua da, baina editoreek ez dituzte erosleak ikusten eta ez dute hartu-emana ukaiteko, ezta kritikak edo oharrak entzuteko paradarik ere», azaldu du.
Ziburuko euskal disko eta liburu azoka bezalako hitzorduek aukera ematen dute sorkuntzak ezagutarazteko eta, nola ez, irakurtzeko grina pizteko. Hain zuzen, gazteek gutxi irakurtzen dutela uste du Etxezaharretak. Iritzi horrekin bat dator Peio Etcheverry-Ainchart Elkar argitaletxeko langilea.
«Liburua ez dabil ongi». Konfinamenduarengatik eskaintza kulturala murriztua zegoenez, liburuak «memento baikorra» bizi izan zuela erran du. «Baina horrek gibelera egin du eta egoera normalera itzuli gara. Jendeak ez du anitz irakurtzen. Gazteek batez ere, gutxi irakurtzen badute, ez dira idazten hasiko». Hain zuzen, Elkarrek, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak antolatzen zuten Gazteluma bekaren adibidea aipatu du, urteak igaro eta parte hartzaileen kopurua murrizten joan baita. «Ez dut ezkorra izan nahi, baina espero dut etorkizuna alaiagoa izanen dela», erantsi du.
Durangon eta Saran antolatzen diren azokez landa, beste hitzordu gutxi direla dio; beraz, arrunt eskertzekoa iruditzen zaio, kasu honetan Ziburun, literatura eta berrikuntzentzat erakusleiho bat izatea. Elkarrek frogatu nahi du berritasunak ez direla bakarrik urte bukaeran agertzen eta uda ere sasoi egokia dela. Hain justu, bi izango dira Elkarrek proposatuko dituen berrikuntzak: Maddi Anne Txoperenaren “Ene baitan bizi da” liburuaz gain, Odon Nobliak argitaratu berri duen liburua proposatuko du: “Ikastola nire saloinean. Argitxu Noblia”.
Sorkuntza sareak zabaldu
Nafarroatik zuzenean ailegatuko den Txalaparta argitaletxeak lehen aldiz parte hartuko du azokan. Garazi Arrula Ruiz kideak adierazi duenez, horrelako azokek «fondoa» plazaratzeko aukera ematen dute. Bere erranetan, liburuek gero eta iraupen laburragoa dute eta horrelako ekimenei esker, «zaharkituak» direla erraten zaien horiei ere lekua ematen zaie. «Bi urte dituzten liburuak ez dira zaharrak. Beste bizialdi bat eman behar zaie», aldarrikatu du.
Lapurdiko herrian eginen dituen proposamenen artean, haur literatura presente izanen da. Arrula Ruizen erranetan, pandemiak azkar eragin dio haur literaturari. «Obra ilustratuek asko sufritu dute, asko irabazten dutelako esku artean eta zuzenean ikusten ahal ditugularik», azpimarratu du.
Justuki beren erakusmahaiaren bidez Ipar Euskal Herriko publikoarengana heldu nahi du Txalaparta argitaletxeak. «Lotura egin nahi dugu eta elkar ezagutu. Muga dela eta, Euskal Herrien arteko kohesioa eraikitzeko bide anitz ez daude», azpimarratu du.
Susa argitaletxeak ez du liburu eta disko azoketan parte hartzeko usaiarik, baina Ziburukoan bigarren aldiz parte hartzeak «ilusioa eta poza» eragiten diola aitortu du Itziar Ugarte bertako langileak. Bere hitzetan, guztiz bat egiten du Ziburuko azokak dituen balioekin; hots, euskara hutsezko sorkuntzak lehen planoan ematearekin.
Ipar Euskal Herriko publikoarengana heltzeko sarbide bat dela uste du argitaletxeak, batez ere osasun krisi honen testuinguruan, non pixkanaka-pixkanaka komunitateak berriz elkartzeko aukera duen