Hezkuntza komunitateak krisi larri hau gainditzea lortu du
«Beldurrez eta ezjakintasunez» ekin zioten ikasturteari. Hainbertze muga eta protokolorekin, konbentzituta zeuden luze gabe denak etxean izanen zirela berriz. Ez da hala gertatu eta, orokorrean, hezkuntza komunitatea egoera berezi honi aurre egiteko gai izan da.
Akiturik iritsi dira ekainera, bukatzeko gogoz. Eta uda gure bizitza aberasten duena berreskuratzeko garaia izatea espero dute, familia eta lagunekin kalean jolastekoa. Joan den iraila urrun dago. Luze egin zaie kurtsoa. Bi hilabete eta erdiko itxialdiaren ondotik aurrez aurreko klaseak berreskuratzea ez zen erronka erraza. Baina lortu dute eta, elkarrizketatuek nabarmendu dutenez, gakoa izan dira elkarlana eta elkar-zaintza. Esperientziak ikasgai ugari utzi die. Eskolaren garrantzia, bizitzarekin duen erabateko lotura, eta eredua aldatzeko premia, adibidez.
Marta Diez Sortzen-eko koordinatzaileak adierazi duenez, ikastetxeak ez dira haurrak zaintzeko lekuak, heziguneak baizik. Horien barnean ikasleak, irakasleak, bertze langileak eta familiak daude, komunitate oso bat. Eta denen artean aldatu behar dute gaurko «eredu zaharkitua». «Lehenik emozioak landu behar ditugu; egunerokoan, ez pandemian soilik. Horrek baliabide piloa emango die gure seme-alabei, egoerei era osasungarrian aurre egiteko, eskolan eta etxean».
Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Koldo Tellituk, azpimarratu du «gure hezkuntza sistema bere osotasunean» jarri behar dela zalantzan. Ikastolak horretan ari dira “Bihar” prozesuaren bidez eta eskua luzatu diete bertze eragileei eta administrazioei.
Seaskan, «akidura mentala» sentitzen dutela erran du Peio Jorajuria bertako lehendakariak. Baina «aski azkarturik» ere amaituko dute ikasturtea uztailaren lehen astean, «arazo guztiak gainditu» dituztelako eta badakitelako halako egoera batean badutela «talde sendo bat erantzuteko prest».
Bestalde, Ehigeko koordinatzaileak, Lurdes Imazek, hezkuntza ez formalaren garrantzia nabarmendu du. Ikasleek gelatik kanpo egotea behar dute; are gehiago, orain, eta familiak patioak eraldatzeko prozesuetan eta eskolara oinez joateko egitasmoetan inplikatuta daude. Araban, 30 ikastetxe batu dira espazio seguruak eskatzeko.
Ilusioa eta inplikazioa, motorra
Kurtsoaren hasieran komunitatearen «ilusioa eta inplikazioa» presentzialtasuna berreskuratzeko «motorra» izan ziren, Tellituk oroitu duenez. «Hezkuntza prozesuaren kudeaketa oso ondo prestatu genuen eta ondo joan da, baina jangela, garraioa, eskola kirola, kultur ekintzak… zailagoak izan dira. Bereziki EAEn eskola kirolean gertatu dena ez errepikatzea nahi genuke. Kirola garrantzitsua da hezkuntzan eta debekatzeak gabezia izugarria ekarri du».
Ez da ikaslerik izanen konfinatu ez denik. Eta jarrera hagitz ona izan dutela baieztatu dute elkarrizketatuek. Kontuan izan behar da haur eta gazte «kopuru nabarmen bat» egoera zaurgarrian dagoela eta familia aunitzek pandemiaren ondorioak pairatu dituztela; denetarikoak, ez bakarrik osasunarekin lotuak. Egoera horiek detektatzea lehentasuna izan da egoki erantzuteko. Irakasleen ahalegina ere txalotu dute. «Sekulako lana egin dute osasun neurriak eta eskolak duen elkarrekin egoteko espazioaren izaera bateratzeko. Horri esker, ikasleak ondo egon dira», adierazi du Ehigeko koordinatzaileak.
Sortzenekoak honako auzia jarri du mahai gainean: «Egokitzeko gaitasun handia erakutsi dute ikasle eta irakasleek, baina zerk eraginda? Uste dugu beldurrak eraginda izan dela eta hori ez da batere osasungarria. Irakasle batek aipatzen zidan harrituta zegoela lurrean marraztutako karratu batetik ezin zirela atera esatean ikasleek izan zuten jarrera onarekin».
Jaiotza tasa, minimo historikoetan
Bada bertze arazo bat, jendarte osoak hausnartzeko modukoa: jaiotza tasaren jaitsiera ikaragarria. Egoera bereziki larria da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 2010ean 22.000 ume jaio ziren; iaz, 14.700, gerra garaian bezala. 2021ean, momentuz, joan den urtean baino 700 gutxiago jaio dira. Ikastolen Elkarteko lehendakariak ohartarazi duenez, «Gobernuak gela bakoitzean ikasle kopurua txikiagoa izatea onartzen badu, eragina positiboa izan daiteke hezkuntzaren kalitatean. Bestela, gelak eta ikastetxeak desagertuko dira».
Erreportajean parte hartu duten lagun guztiek dute kezka euskaran eman diren «atzerapauso nabarmenengatik» eta neurriak hartzeko eta jarraipena egiteko premia ikusten dute. Sortzenek haurrentzako ludoteka jarri du martxan Nafarroako eremu diskriminatuan, Errigorarekin batera, eta «oso aberasgarria» izan da. Ikasle ugarirentzat eskola da euskaraz aritzeko espazio bakarra eta, Imazek azpimarratu duenez, eskolaren espazio ez formal horretan ere euskara sustatzeko pausoak eman behar dira. «Batez ere, udalen inplikazioa behar da horretarako. D eredua gero eta zabalduago dago, baina gero eta anitzagoa da ikasle horien errealitatea eskolaz kanpo. Erronka handia dugu asteburu eta arratsaldeetan».
Heldu den kurtsoan egoera hobean egoteko eta, hortaz, neurriak malgutzeko itxaropena dute denek. Diezek bizitzara bueltatzeko beharra aipatu du. Imazek, eskolak familiei irekitzearen garrantzia.
Seaska, bere eredua hautsi ez dezaten borroka egin beharrean
Hizkuntza gutxituak babesteko xedea duen Molac Legearen kontra Kontseilu Konstituzionalak hartu duen erabakia dela-eta, «biziki kezkatuak» daude Seaskan. «Parisekin harremanak lotzen ari gara; bi diputatu izendatuak izan dira txosten bat egiteko gure kasuari buruz. Ez dakigu zeintzuk izango diren irtenbideak eta beldur gara», adierazi du Peio Jorajuria lehendakariak. «Parisen Hezkuntza ministroa dugu murgiltzearen kontra dena: debekatu nahi du. Ez da bakarrik, gobernua zatitua da, baina lortu behar dugu ez dezan irabazi borroka hori eta gure eredua ez dezan hautsi, arriskua hori baita».
Hurrengo sartzean ez dela aldaketarik izanen ziurtatzeko borrokatu beharko dela erran du Jorajuriak, baita babes juridiko bat lortzeko ere. Bertzela, «ez gara garatzen eta sendotzen ahalko».
«Zer ahalegin egin dugun ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzeko»
Erreportaje honetako bertze partaideen aldean, Arantxa Urberen ekarpena ezberdina da, iritzi pertsonala delako, Zarauzko ikastola bateko hezitzaile batek emana. «Zer ahalegin egin dugun ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzeko, bakoitza bere motxilarekin, ikasleren bat konfinatuko zuten beldurrez», agertu du. Pertsona bakoitzaren gibelean zenbat jende eta egoera dauden konturatu da. «Gela batean ‘positibo bat dago’ esaten zenuen bakoitzean, ‘ez daukat umea non utzi’ erantzuten zizuten. Jendeak ahalegin handia egin du».
Urberen ustez, itxaropen bat geldituko da datorren ikasturterako: «Hau bukatu da, bizimodu ‘normalera’ bueltatu gaitezke. Eta une horretatik bertatik, pandemia aurretik egiten ari ginen eraldaketak –adinen nahasketa, familiekin eskolara hurbiltzeko egiten ari ginen lana...– martxan jarri ahal izango ditugu». Izan ere, «zenbat kostatzen den bide berriak abiatzea eta zer gutxi dena erortzea».
Hik Hasiko kidearen arabera, bizitakoak ekarri duen alde ona izan da «konturatzea zein bulnerableak garen denak». «Une batean bizitza aldatu zaigu denoi; ez zen justua izan, ez ginen denak egoera berean, baina barrura begiratu eta hausnartzeko aukera dugu: zer txikiak garen eta elkarren zer behar dugun». Alde txarra izan da «aurretik ere, eremu batzuetan, irakasleak ordenagailu eta programekin ordezkatu al daitezkeen planteatzen zutenei bidea argudioz betetzea». Aldarrikatu duenez, «inoiz baino argiago ikusi beharko genuke elkar-zaintzaren beharra. Hori ez digu makina batek emango eta hezitzaileontzat erronka da gure inguruko harremanak zaintzea».
Ildo horretatik, ikasturte hasieran erronda bat egin zuten familiekin, etxean nola zeuden eta uda nola pasatu zuten galdetuz. «Beste elkarrizketa batzuk izan ditugu, zaintzari lotuak. Lehen ere egingo genituen, baina orain indar handiagoarekin. Gehiago partekatu da. Hori ekarri du ona».
Nerabeek bi hilabete eta erdi eman zuten etxean justu beren garapen psikologiko eta emozionalean gurasoengandik urrundu behar zutenean. Denok, umeak bereziki, tokatzen denera egokitzen gara. Baina azkenaldian etxe ugaritako egoerak zenbat okertu diren nabaritu du Zarauzko irakasleak: «Egoerak lehendik oso ondo ez zeuden harremanak errematatu ditu. Itxialdiaren ondorioak agertzen ari dira animoetan».
Udara begira, honako gomendioa emanen lieke hezkuntza komunitateko pertsona guztiei: «Atera daitezela kalera ahal duten guztia; bizitza hor dago, aprobetxa dezatela harremanak sendotzeko, ez baitira berdinak espazio itxietan eta aire librean izaten diren harremanak».