INFO

EAEn ari diren irabazi asmorik gabeko 700 fundazioek BPGren %1 mobilizatzen dute

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diharduten irabazi asmorik gabe fundazioek erkidegoko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1 mobilizatzen dute eta 6.500 milioi euro inguruko ondare garbia dute. EAEko erregistroan mota horretako 700 fundazio inguru daude inskribatuta.

EAEko Fundazioen Babesletza eta Erregistroko lan taldea, Lakuako egoitzan. (IREKIA)

Herrialdeka, EAEko fundazioen %50 Bizkaian daude, %35 Gipuzkoan eta %15 Araban. Fundazio horiek jarduera zehatz batzuetara bideratu behar dute euren lana. Jarduera horrek guztiak EAEko BPGren %1 mobilizatzen du eta 1.000 milioi euro inguruko diru sarrerak sortzen ditu urtean.

Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordeak 2020ko urteari dagokion jardueren urteko memoria egin du, eta aholku batzordearen nahitaezko txostena behar duten fundazioen helburuen izaera eta tipologia zehazten ditu.

Gainera, Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak erregistroetan inskribatutako elkarte eta fundazioen estatutuak argitaratu ditu. Mota honetako informazioa modu irekian ematen duen lehen administrazioa da. 700 fundazioekin batera, EAEn 25.000 elkarte baino gehiago daude, eta horietatik 270 onura publikokoak dira.

Pertsona fisikoek zein juridikoek eratu ditzakete fundazioak. Pertsona fisikoek fundazioaren eskura uzten dituzten ondasunak eta eskubideak doan erabiltzeko gaitasuna izan behar dute. Pertsona juridiko publikoek fundazioak eratu ahal izango dituzte, edo haien eraketan parte hartu, bakarrik norbanakoek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek interes orokorreko jardueretan parte har dezaten sustatzeko.

Hori lortze aldera, interes orokorreko helburutzat hartzen dira gizarte laguntzarekin, hezkuntzarekin, kulturarekin, zientziarekin, kirolarekin, osasunarekin, garapenerako lankidetzarekin, ingurumen babesarekin, ikerketaren edo borondatezko lanaren sustapenarekin zerikusia dutenak. Ondare dotazioa ezinbesteko baldintza bat da fundazio bat eratzeko. Kopuruak egokia eta nahikoa izan behar du fundazioaren helburuak betetzeko, eta 30.000 euroko dotazioa nahikotzat jotzen da.

Hain zuzen ere, prestakuntza jardunaldi bat egingo dute asteazkenean, hilak 16, Fundazioen Euskal Konfederazioa osatzen duten fundazioek. Bertan, diru sarrerak fundazioaren helburuetara bideratzeko betebeharra betetzeari eta administrazio gastuari mugak jartzeari buruzko gida aurkeztuko da. Jardunaldia Olatz Garamendi Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak irekiko du, eta telematikoki egingo da, Zoom plataformaren bidez, 15.30etik aurrera.