INFO

Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileek mobilizazioa egin dute grebaren 250. egunean

ELAk salatu duenez, «gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan eta greba eskubidea ‘bahitu’ arren», Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileak eta sindikatuko ordezkariak eta kalera atera dira Donostian, grebaren 250. egunean.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileak Donostiako kaleetatik. (Jon URBE/FOKU)

Manifestazioa astelehen honetako lehen orduan hasi da Ibaetan, eta ekitaldi nagusia Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean egin dute.

Donostiako kaleetan langileak «lan baldintza duinak eta zaintza ardatz izango dituen egoitza eredua» aldarrikatu dituzte, eta baita salatu dute «pribatizazioa eta negozioa oinarri dituen eredua, Markel Olanok zuzentzen duen Aldundiak egiten duen gisan».

Ekitaldian Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak, hartu du parte eta gogorarazi du eredu «bidegabea» dela Diputazioarena. Izan ere, finantziazioaren %90 publikoa izan arren, egoitzen bi herenek irabazteko asmoa dute.

Sindikatuko buruak, aipatu du ere «langileek lan-karga jasanezinak dituztela, egunean ordu eta erdiko arreta baino ez baitute egoiliar bakoitzeko. Eredu hori ez da bideragarria», salatu du; «Lan baldintza prekarioekin zerbitzu prekarioa baino ezin da eskaini-eta».

Lakuntzak erantzukizuna bere gain hartzeko eta negoziatzera eseri dadin eskatu dio Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari, «akordioa lortzeko bidean oztopo izateari utz diezaion».

Izan ere, 2018an Adegi eta Matia patronalak eta sindikatuak Aldundiak bete nahi izan ez zuen aurreakordio batera iritsi ziren.

Ordutik, Foru Gobernuak uko egin dio egoitzetako ordezkariekin biltzeari. «Jokabide hori are ulergaitzagoa da egoitzetako langileak funtsezkoak direla agerian utzi duen pandemiaren ondoren. Duela urtebete funtsezkoak zineten, eta orain baztertzen zaituztete», salatu du Lakuntzak.

«Olano, eseri ELAren proposamena entzutera, irtenbide bat dugulako, pandemia honetan bizi izan dugunaren ondoren bi gauza zor dizkiguzulako: langileen lan-baldintzak hobetzea eta gure adinekoentzako arreta-zerbitzua hobetzea. Egoitza-eredu gizatiarragoa, publikoa eta zaintzan oinarrituagoa dago jokoan», esan du Lakutzak.

Halaber, greba berezia dela azpimarratu du: «Hau ez da greba arrunt bat, hau greba sindikala, feminista eta soziala da: arrakalaren aurkako, eta zainketen balioaren eta emakumeek egindako lanen duintasunaren aldekoa».

Horregatik, «borrokan jarraitzeko» deia egin du ELAko idazkari nagusiak.