INFO

Filosofia azterketa euskaraz idatziko dute hamarka ikaslek Baionan

Baxoa azterketaren Filosofiako proba pasako dute bihar lizeoko azken kurtsoa amaitu berri duten ikasleek. 30 bat ikaslek azterketa euskaraz idatziko dutela, protesta gisara, iragarri du gaur Etxepare lizeoko Ikasle Asanbladak. Brebeta euskaraz aldarrikatzeko ekimena ere egin dute Donibane Lohizunen.

Urruña, Ziburu eta Hendaiako hautetsiak presente izan dira Brebeta euskaraz aldarrikatzeko ekimenean. (Bob EDME)

Piarres Larzabal kolegioko ikasle, irakasle eta gurasoek lizeora joan aitzin Ipar Euskal Herriko ikasleek eginen duten Brebet azterketa osorik euskaraz egiteko aldarrikapena Donibane Lohizunen frantziar Hezkuntza Ikuskaritzak duen egoitzara eraman dute asteazken eguerdi honetan.

Urruña, Ziburu edota Hendaiako hautetsien sostengua jaso dute heldu den astean iraganen den azterketa euskaraz pasatzeko aukera galdetu duten ikasleek.

Bihar, berriz, Baxoa azterketaren baitan Filosofia azterketa pasako dute lizeoko azken kurtsoa (terminale deiturikoa) amaitu berri duten ikasleek.

Ebaluaketa jarraikia nagusitu bada aurten, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherako ehunka ikaslek Fisosofia azterketa –baita heldu den astean antolaturik den ahozko handia– era presentzialean egingo dute bihartik aurrera.

Horren harira, 30 bat ikaslek Filosofiako azterketa euskaraz idatziko dutela jakitera eman dute gaur.

Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladak ohar baten bidez azaldu duenez ekimen horren bidez ikasle horiek bat egingo dute «azken asteetan azterketak euskaraz pasatzearen alde abiatutako mugimenduarekin».

Ekimena publiko egiteko prentsaurrekoa deitu dute biharko, osteguna, 12.30ean, Baionako Etxepare Lizeoan bertan, azterketa bukatu ondoren.

Azterketak euskaraz egiteko ikasleek duten eskubidea aldarrikatuz Seaskako hainbat irakasle prest direla azterketak ez zuzentzeko iragarri zuten, atzo, Kanbon antolaturiko agerraldi batean.