INFO

Hiru lagunek deklaratuko dute bihar Amurrion Tubacexeko piketeetan parte hartzeagatik

LAB sindikatuak iragarri duenez, hiru pertsonak deklaratuko dute ostegun honetan Amurrioko epaitegietan Tubacexeko langileek antolatutako piketeetan identifikatuak izan ostean.

Ertzaintza Tubacex-eko langileek antotlatutako protesta btean. (Andoni Lubaki)

Ostegun honetan hiru lagunek deklaratuko dute Amurrioko epaitegietan gaur egun greban dauden Tubacexeko langileek antolatutako piketeetan identifikatuak izan ondoren.

LAB sindikatuak ohar batean babes osoa adierazi die deklaratu beharko duten lagunei. «Elkartasuna adieraztea izan da egin duten delitu bakarra eta Tubacex-eko langileei martxoaren 25eko piketeetan laguntzea, Airaldeko zein beste eskualde batzuetako enpresetako ehundaka langilek egin duten moduan», adierazi du, eta langileen arteko elkartasuna delitua ez dela azpimarratu du.

«Oraingoan eurei tokatu zaie, baina kontziente izan behar dugu babes eta elkartasuna adierazteko Laudio eta Amurrioko enpresa sarreretatik pasatu garen edozein langile egon gintezkeela egoera beretsuan», gaineratu du, eta Lakuaren jarrera kritikatu du ere.

Izan ere, sindikatuaren esanetan, Gasteizko Gobernuak «ez du ezer egin Tubacexeko lanpostuak defendatzeko. enpresa-batzordea eta langile kaleratuekin ere ez du bilerarik izan eta publikoki Tubacexeko zuzendaritzaren argudioak defendatzen zituen bitartean, Ertzaintza bidaltzen zuen langileak jipoitzera, euren borroka eta enpleguaren defentsan Aiaraldeko langile guztiek egiten ari zirena kriminalizatuz».

«Horregatik, dei egiten dugu bihar, ekainaren 17an, Tubacexeko enpresa-batzordeak Amurrioko epaitegietan 11.30etik 13.00etara bitartean egingo duen kontzentrazioan parte hartzera», nabarmendu du sindikatuak, eta, era berean, enpresa-batzordeak, datozen ekainaren 21 eta 22an, antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten du.

Datorren astelehenean Laudio eta Amurrioko Tubacex TTIko EEEaren epaiketa egingo da EAEko Auzitegi Nagusiak, Bilbon eta enpresa-batzordeak kontzentrazioa egingo du 09.30ean. Ekainaren 22an aldiz, hirugarren lantegiko EEEaren epaiketa egingo da, Aceria de Alava. Egun horretan, martxa egingo dute Bilboraino 6.00etan Laudioko lantegiaren ataritik abiatuta eta 11.30ean enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du Albiako epaitegien aurrean.