Iñaki Artola ez da osatu eta Beñat Rezusta arituko da Buruz Buruko finalean
Alegiarra gaur izan da sendagilearen kontsultan Gasteizen eta bere eskuin sorbaldaren atzeko muskulu zabaleko lesioa ez da desagertu eta uko egin dio bere lehen finala izan behar zuenari.
Erabakia azken unera arte atzeratu badute ere, Iñaki Artolak finalerdian izandako lesioa ez da garaiz osatu eta, pena handiz bada ere, alegiarrak uko egin behar izan dio Jokin Altunaren aurka igande honetan Bilbon jokatu beharreko Buruz Buruko finalari. Azken egunetako zurrumurruak erabat konfirmatu dira, Gasteizen medikuaren kontsultatik irten bezain pronto adierazi baitu aurrelari alegiarrak ez dagoela beretzat lehen mailako lehen finala behar zuena jokatzeko moduan.
«Medikuen mezua argia izan da. Lesioa ondo doa, baino ez dago esaterik erabat sendatuta dagoenik eta partidua jokatzeak arrisku handia edukiko luke», adierazi du Baikoko aurrelariak.
Ekainaren hasieran eman zioten astebeteko atzerapena ez da nahikoa izan Iñaki Artola osatzeko eta Esku Pilotako Enpresen Ligako (EPEL) araudiak atzerapen gehiago onartzen duenez, hirugarren posturako lehian irabazle irten zen Beñat Rezustak hartuko du bere lekua. Bergararraren aurka jokatutako finalerdiaren 17. tantoan hartu zuen min Artolak eta partida amaitzea lortu bazuen ere, ez da finala jokatzeko moduan izango. «Medikuak entzunda erabakia nahiko erraza izan da», aitortu du alegiarrak.
Sentimendu ugari aipatu ditu hitz gutxitan. «Pena, ilusioa nuelako, baina lasai nago gauzak oso ondo egin ditugulako. Oso eskertuta nago medikuekin, gainontzeko pilotarien babesarekin... Baina horrela gertatu da. Harrotasuna badur ere txapelketa ona atera zaidalako». Hasieratik ikusi du «zaila» zela osatzea, eta osatzekotan ere finalera ongi iristea ez zela samurra izanen.
Gerta zitekeenaren jakitun, Zabaletari hirugarren posturako lehia irabazi ostean entrenatzen jarraitu du Bergarako pilotariak eta prest da beretzat ere Buruz Buruko lehen finala izango dena jokatzeko. Gauzak horrela, gipuzkoarra izango da 2008az geroztik txapelketa honetako finala jokatzen duen lehen atzelaria. 2008an Abel Barriola izan zen azkena, Oinatz Bengoetxea herrikidearen aurka galdu zuen leitzarrak, 22-11, Donostiako Atano III.ean jokatutako finalean.
Zorigaitzari ihes egin ezin
«Beti amesten duzun gauza bat da finala jokatzea. Aukera iritsi eta dena irudikatzen zenuen horretatik hain desberdin izatea ez da onartzen samurra izan», aitortu du Artolak.
Lehen egunetik arazo fisikoak izan dira Alegiako aurrelariak gainditu behar izan duen oztoporik nagusiena. Pentsa, 2014.eko ekainaren 18a, debuta egin zuen egunean ere bronkitis batek erasanda egin behar izan zuen, jarritako tratamendua partidaren bezperan amaitu zuelarik.
Bi urte geroago, 2016ko irailean ebakuntza egin behar izan zioten ukondoan jasandako kaltzifikazio baten erruz –lau hilabete eman zituen bajan– eta urte horretan bertan beste bi ere eman zituen kantxetatik kanpo Binakakoa jokatzen ari zela Urretxuko frontoiko ezker pareta jo eta sorbaldan eraman zuen kolpearengatik.
2018an eskumuturra izan zen arazoak eman zizkionak eta eskuko arazo batzuk gora behera, hurrengo bi urteetan nolabaiteko jarraikortasuna izan zuen, tartean uda bikainak ere jokatuz. Esaterako, iazko udan, Beñat Rezusta lagun, irabazitako Binakako Mastersa.
Burua altxatzen ari zela zirudienean, ordea, ezker zangoan izandako zuntz hausturari covid-19an emandako positiboa gehitu zitzaion, iazko Buruz Burukoa jokatzea galarazi ziotenak. Arangurenekin jokatutako Binakakoan ere nahi baino denbora gehiago eman zuen kantxetatik kanpo hasiera batean horren larria ez zirudien lesio baten erruz eta txapelketa latza osatu ostean, sorbaldaren atzealdeko muskulu zabaleko lesio honek Buruz Buruko finala jokatu ezinda utzi du.
Hala ere, etorkizunera begira jarri da segituan: «Pelotari are eta gogorragoa egingo nau eta berriz ere saiatuko naiz final batera ailegatzen, nahiz-eta zaila izanen den, noski».