INFO
Interview
Jon Bengoetxea eta Aiara Murga
Laudio ikastolako zuzendaria eta lehendakaria

«Bizirik dagoen mugimendu bat gara eta horrela aldarrikatu nahi dugu»

Ilusioz eta kementsu egingo diote ongietorria aurtengo Araba Euskaraz festa handiari. Ezohiko egoeran ospatuta ere, etorkizunari so egiteko leiho bat izango dela diote Aiara Murga (Laudio, 1979) Laudio Ikastolako lehendakariak eta Jon Bengoetxea (Lekeitio, 1972) Laudio Ikastolako zuzendariak.

Jon Bengoetxea eta Aiara Murga. Aritz LOIOLA | FOKU

Iazko etenaldiaren ondoren, berriro bueltan da Araba Euskaraz. Zeintzuk dira aurtengo ekitaldiaren berezitasun nagusiak?

Berezitasun handiena osasun krisiak eragindako egoera da. Gaur egun bizi dugun eta ezarri dizkiguten neurrietara moldatu eta egokitu beharra, hain zuzen. Edukierak kontrolatuta egongo dira eta, horretarako, bertaratu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute ekintzetan. Gainera, ekitaldiaren eredua eraldatzen gabiltza Ikastolen Elkartetik. Azken eguna, aurtengo ekainaren 20a, alegia, beste era bateko pisua hartzen dabil Araba Euskaraz ekimenaren barruan.

Zeintzuk izango dira ekitaldi nagusiak eta berritasunak?

Kontuan hartu behar da ekintzak antolatzeko orduan familia giroan aritzeko jarduerak izan ditugula presente. Aurten ez da ibilbiderik, ez da kontzertu erraldoirik, ezta gune askorik ere. Eremuak eta jarduerak murriztu egin dira, baina esfortzua eta ahalegina, ordea, ez dira murriztu. Ekitaldi hauek edo proposatutako jarduera hauek aurrera eramateko herriko taldeak kontuan hartzen saiatu gara. Herritik eta herriarentzat egin beharreko eguna antolatzen saiatu gara. Ekintzen artean ditugu, esaterako, Laudioko dantza taldeen emanaldia, Laudioko aisialdi taldearen eskaintza, ikastolako ikasle ohien ekarpena, eta abar.

Osasun krisia dela eta, zeintzuk izan dira antolakuntza arazo esanguratsuenak?
Azken unera arte ez dugu jakin Araba Euskaraz antolatu ahal izango ote genuen, eta antolatzekotan zeintzuk izango ziren baldintzak. Horrek, ezjakintasunak, asko baldintzatu ditu antolaketa eta epeak. Gainera, ezarrita dauden osasun neurri orokorrak errespetatuz antolatu behar da edozer gauza, segurtasuna eta osasuna bermatuz.
Gizartearekiko eta bizi dugun egoerarekiko dugun ardura edozein ekimen prestatu dugunean oso presente egon da. Nahiz eta gauzatzeko ideia asko izan, horietako ugari baztertzera eraman gaitu egoerak.

Hala eta guztiz ere, aurrera egin duzue antolaketarekin. Zergatik uste duzue dela garrantzitsua aurtengo Araba Euskaraz ekitaldia burutzea?

Aurretik aipatu dugun bezala, pandemiak denbora luzean geldi egotera behartu gaitu, baina bizitzak aurrera jarraitzen du. Egoera berrira egokitu behar gara eta gizarte moduan egiten genituen gauza batzuk berreskuratu behar genituen. Bizirik dagoen mugimendu bat gara eta horrela aldarrikatu nahi dugu. Segurtasuna beti bermatuz, baina aurrera begiratuz.

Aurtengo jaialdiaren diseinua askoz ere txikiagoa da eta horrek ondorioak izango ditu, noski, diru bilketan.

Bai, aurten diru galerak ez edukitzearekin konformatuko ginateke. Pandemia agertu zenetik dirua bigarren mailan geratu da, gure lehentasuna euskara, kultura eta gizarteak arnasa hartzea izan baita. Baina diru emaitza positiboa egongo balitz, ikastola herriari gehiago zabalduko nahiko genioke eta horretarako, adibidez, gure frontoiko sarrera berritu behar dugu bertan herriari ekintza desberdinak egiteko beste eremu bat eskaintzeko. Horretaz gain, eraldaketa pedagogikoarekin esperimentatzen gabiltza eta jolastoki, jantoki zein geletan espazioen berrantolaketarekin zerikusia duten obra txiki batzuk ere egin nahiko genituzke.

Ezohiko egoera batean gaudela kontuan hartuta, nola baloratzen duzue jendearen inplikazioa antolakuntzari dagokionez?

Beti bezala inplikazio maila desberdinak egon dira, baina egoera benetan gogorra izan dugu. Urte konplikatua izan da. Pandemiak eragindako geldialdi luze baten bueltan gaude eta aholku orokorra etxean gelditzea izan denean, jendearen parte hartzea berreskuratzea eta jendea berriro aktibatzea asko kostatzen ari da. Ez da erraza izaten ari.

Badago egoerarekin izututa egon den jendea, baina adibide gisa “10.000 Km baietz erronka” ekimenean 2.000 pertsonak parte hartu zuten eta antolakuntzan jende mordoa aritu ginen: muntaketa, trafikoa, kontrol guneak… Egoera zailenetan ere beti dago ikastola eta euskararen izenean lan egiteko prest dagoen jendea, eta eskertzekoa da hori.

Zein da, zuen iritziz, Araba Euskaraz bezalako jaialdien etorkizuna? Bideragarriak ikusten dituzue euskararen aldeko ekimen erraldoiak?

Noski, zalantzarik gabe. Euskarak Korrika, Ibilaldia, Kilometroak, Nafarroa Oinez edo Herri Urrats bezalako ekimenak behar ditu. Agian, formatua aldatuko da, jendartea ere aldatu delako, baina herri bezala euskara gure hizkuntza dela aldarrikatzeko ekimen hauek gaur egun oso garrantzitsuak izaten jarraitzen dute.

Pandemia egoerak eragin zuzena izan du euskararen erabileran ere. Nola ikusten duzue euskararen egoera, eta oro har, euskalgintza Araban?

Kezka handiarekin. Ezagutza maila handitzen doa, baina erabilera eskasa da. Zirkulu itxi horretatik atera behar dugu; gainera, sentsazio orokorra baino gehiago da. Hezkuntza komunitatean euskararen egoerarekin oso kezkatuta gaude, pilotu gorria berriro piztu da eta pandemiak hau areagotu du.

Lehen esan bezala, Araba Euskaraz programa ez da egun bakarrera mugatu. Badira Laudion egin ditugun beste hainbat ekimen. Abenduan aurkezpena, otsailean “Bakardadeak garaitu dituenak” musika emanaldia, martxoan “10.000 km baietz erronka”, apirilean bideokliparen aurkezpena eta azken-aurrekoa, orientazio proba.

Guztietan erantzuna oso ona izan da. Desertu kulturalak bere eragina izan duela agerikoa da; urte luze bat egon gara kultura ekitaldirik gabe eta jendeak gogotsu hartu izan ditu. Bideokliparen grabaziorako, esaterako, ikasle ohien zein egungo hezkuntza komunitatearen inplikazioa nagusitu zen. Orientazio proban ere 300 pertsonatik gorako parte hartzea egon zen, ekintza arrakastatsua eta herrian giroa sortu zuena.

Ekintza horiez gain, badira gainontzeko ikastoletako jaiekin elkarlanean antolatu izan ditugunak; liburu ibiltaria, horma irudia, komiki lehiaketa, eta abar.