INFO

Italiako selekzioaren aurkari guztiak ez daude zelaian

Selekzio italiarraren aulkian, Roberto Manciniren laguntzaile moduan dago Gianluca Vialli jokalari ohia, hautatzaileak propio eskatuta. Pankreako minbizia izan zuen –antza, desagertua dago baina arriskuak hor jarraitzen du– eta borrokaren erakusle da Sampdoriarekin zerua ukitu zuen futbolariak. 

Gianluca Vialli, baloiarekin jolasean. (Filippo MONTEFORTE / AFP)

Turinetik, Milanetik eta Erromatik kanpo azken Italiako futbol-txapelduna Sampdoria izan zen. 1991an Genovako klubak Scudetto irabazi zuen, eta benetako momentu ahaztezin bat izan zen. Garai hartako protagonistak? Bi, batez ere: Roberto Mancini eta Gianluca Vialli. Bi aurrelari, bi estilo desberdinekin, fantasia eta indarra, jeinua eta eraginkortasuna: Mancini, 10 zenbakia; Vialli, 9 zenbakia; bi anaia moduan, bikote berezi eta bitxia. Bi mito, bi hitzetan, Bobby-gol eta Luca. 

Gaur egun Roberto Mancini Italiako selekzioaren hautatzailea da: sasoi eta konfiantzaz beteta daude; bai bera, bai taldea. Oso ondo hasi da Azzurri selekzioa Eurokopan, ustekabea benetan. Aurkariak oso errez garaitzen ari dira: hiru gol Turkiari, beste hiru Suitzari eta auskalo datozen partiduetan. 

Manciniren alboan, aulkian, burusoil bat dago, asko ikusten ez den gizon bat: Gianluca Vialli da. Mancinik bere taldekide ohia laguntzaile nahi izan du, delegazio-buru. Ez du behar asko eman Viallik Italiako Selekzioan: bereziki, bertan egoten da. «Roberto eta biok lagunak gara –aipatu zuen Viallik– amets bardinak genituen gazteak ginenean». 

Baina rol hau oso garrantsitsua da berarentzat. Zergatik? Beste "aurkari" bati aurre egiten ari baita: pankreako minbizi bat, alegia. Egia esan, antza, minbizia desagertu egin da, baina berriro itzuli daiteke: Pau Donesen adibidea oraindik oroimen gogorra da, abeslariak uste zuen minbizia joan zela baina ez, eta heriotzara eraman uzen. 

Eurokopa aurretik, elkarrizketa batean, Viallik azaldu zuen: «Ezin dut minbiziaren kontra borrokatu; ni baino indarstuagoa da, nabarmen. Geratuko da nire gorputzan bidaikide, hartu dugu trena elkarrekin eta moldatu behar da: ea egunen baten nekatzen den eta nire gorputza uzten duen». 

Zera gehitu zuen Viallik, 57 urte dituenak: «Jende askok pentsatsen du futbolariak garaiezinak garela, baina ez da horrela». Eta egia da: Lucak berdegunean indar asko zuen, oso jokalari eskuzabala zen eta. Sampdorian irabazi zuen, baita Juventusen eta Chelsean ere. Italiako Selekzioarekin, aldiz, zorte txarra izan zuen, baina ez zen izan bere errua: Munduko Txapelketan 1986an gazteegia zen eta 1990an arazo fisikoren bat izan zuen. Zein izan zen bere momenturik onena Azzurri-rekin? 1988ko Eurokopan, Roberto Mancinirekin, noski. Italia finalerdietaraino iritsi zen, gero galduko zuen Sobietar Batasunaren kontra. 

Orain dela pare bat urte oso hunkigarria izan zen ikustea Vialliren minbiziaren albistea. Batez ere pankreareanak mesederik ematen ez duelako (hau idazten ari denak minbizia horregatik bi aitonak galdu zituen hilabete gutxian). Aurkaririk gogorrena da, zalantzarik gabe: eta ez dago futbol zelaian. Gogorra izan zen irakurtzea baita ere Gianlucak, kilo dexente galdu eta gero, hainbeste kimioterapia ostean, jertse bat alkandoraren azpian jarri behar zuela, argaltasuna ez erakusteko. 

Eurokopa honetan jokalariek egunero Vialli ikusten dute, entrenamenduetan eta partiduetan. Denak ezagutzen dute Luca eta bere arazo fisikoa, denak Sampdoriaren istorioa dakite, nahiz eta batzuk jaio ez ziren 1991an. Hala ere bikote hori, Mancini eta Vialli, Vialli eta Mancini, bi lagun horrek, laguntasuna ondo erakusten duen adibide bat da; ez jokalarientzat bakarrik, baizik eta guztiontzat.