INFO

Arbonako lursail bat okupatu dute nekazariek laborantza lurrak «ebasten» direla salatzeko

Laborarientzat beharko luketen lurrak erosle aberatsen eskuetan erortzen direla salatzeko Arbonako lur eremu bat okupatu dute Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak eta han jarraituko dute irtenbide bat aurkitzeko.

Gau eta egun bertan egoteko azpiegitura eraiki dute nekazariek Arbonan. (Guillaume FAUVEAU)

Lehen gaua pasa dute Lurzaindia eta ELB sindikatuko laborariek ekainaren 23an okupatu zuten Arbonako lurretan. Laborantzarako egokia den 15 hektareako lursaila hiru milioi euroan saldua izan da eta eroslea ez da nekazaria. Modu horretan, laborantza lurrekin egiten diren operazio espekulatiboak salatu dituzte eta politikariei arazoa aintzat har dezatela eskatu diete.

«Laborariek laborantxa lurrak prezio xuxen batean erosteko zailtasunak dituzten garai huntan, prezio ikaragarrietan egiten diren salmentak ez gaituzte axolagabe utzi behar», adierazi dute ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak elkarrekin argitaratu duten prentsa ohar baten bitartez.

Haien esanetan, okupatu dituzten lurretan ez da elikadura ekoizteko proiekturik, zeren «erosle gaia erretretadun aberats bat da eta berriki kostalean jabegoan zituen 30 hektarea eta etxe bat 12 milioi euroan saldu ditu». Ondorioz, «laborari ez diren batzuengandik lurren ebastea eta lur horien laborantxa bokazioa galaraztea» gaitzesten dute.

«Laborantxan aritu nahi lukeen laborari batendako funts hunen prezio espekulatiboa ezin erosizkoa da», ELB eta Lurzaindiako kideen aburuz. Aitzitik, neurriak har daitezen, Pirinio Atlantikoetako departamenduko hauteskundeetan aurkeztu diren hainbat hautagairekin harremanetan jarri dira laborarien lurretan ematen den espekulazioaren gaia aintzat har dadin.

Laborariek ohartarazi dutenez, «Iparraldea elikadura autonomiatik urrun da eta laborantxa lurren babesa lehentasunetan ezarri behar da». Gaiaren garrantziaz herritarrak eta politikariak ohartarazteko ELB eta Lurzaindiak burutu duten okupazioak datozen egunetan ere jarraituko du eta artean ekintza puntualak ere egingo dituzte. Esate baterako, datorren ekainaren 26an eguerdiko 12:00etan antolatu duten «piknik aldarrikatzailean» parte har dezaten deialdi berezia egin diete herritarrei.

Arbonakoa ez da salbuespena

Laborariek oroitarazi dutenez, Arbonakoa ez da kasu isolatu bat. 2.000 eta 2.015 urteen artean laborantzako 7.200 hektarea lur galdu ziren Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eta lur horietako asko Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin zeuden. Zehatzago, Safer egituraren arabera, 2.450 hektarea lur galdu ditu Ipar Euskal Herriak 2.015 eta 2.018. urteen artean.

Berriki saldu diren lurren artean honako kasu hauek nabarmendu dituzte Lurzaindiak eta ELBk. 2016an Hazparnen 600.000 euroan saldu zen 4 hektareako lursaila. Urte berean Lukuzen 1.450.000 euroan saldu zen 93 hektareadun gaztelua. 2020an Bidarrain 600.000 euroan saldu zen 16 hektareako lursaila eta eraikina. Iaz, Urruñan 440.000 euroan saldu ziren eraikina eta 2 hektarea. Eta azkenik, aurten Itsasun «baimenik gabe etxe bilakatua izan zen borda bat» eta ia 1,67 hektarea, 795.000 euroko prezioan.