INFO

EH Bai, bigarren indarra Ipar Euskal Herrian; sinesgaitza dirudi

Igandean egingo dute eskualde eta departemendu mailako hauteskundeen bigarren itzulia. (Guillaume FAVEAU)

Eskualdekoak ere izango dira –Akitania Berria eskualde osoa barruti bakar gisa hartuta–, baina departamentalek jasoko dute gurean arreta berezia, elkarri lotuta dauden bi faktore nagusi erdigunean: lehen itzulian EH Bai bigarren indar lehenengoz bilakatu izanak bestelako ondoriorik ekarriko ote duen, alde batetik; eta zentro-eskuinak hauteskunde hauetarako lortutako batasun handiak –Gehiengo Departamentalaren hautagaitzaren eskutik– nagusitasun kasik erabatekoa emango ote dion (12 kantonamendutik, 11tan izango dira lehian zentro-eskuineko hautagaiak).

EH Bai zazpi kantonamendutan lehiatuko da, seitan Gehiengo Departamentalarekin, hain zuzen ere, eta zazpigarrenean –Hendaiak, Urruñak eta Biriatuk osatzen duten kantonamenduan– Alderdi Sozialistaren ordezkariarekin. Beste bostetan historikoki ohikoa izan den eskuin-ezker estatalen arteko norgehiagoka izango da.

Bozetan gora abstentzioa handitu den arren

Animaleko emaitzak lortu zituen EH Baik joan zen igandeko lehen itzulian. Bigarren indarra, bozen %25 eskuratuta (%17 jaso zuen 2015eko hauteskunde arrakastatsuetan). Lehen aldia da ezkerreko subiranismoak halakorik lortzen duela Ipar Euskal Herrian. Bigarren indarra, sinesgaitza dirudi.

Bistan da abstentzioak eragin handia izan zuela, eta parte-hartze handiagoarekin ez lukeela boz portzentaje bera lortuko. Halere, abstentzioa izugarri igo arren (15 bat puntu), duela sei urte baino boz askoz ere gehiago jaso ditu oraingoan EH Baik (kasik 18.000 2015ean; kasik 21.000 aurreko igandean). Boto berria jaso du.

Ezker estatalak kantonamendu guztietan hautagaitza aurkezteko izandako arazoek ere eragina izan dute fenomeno honetan.

Aste honetan, mapa politikoa marrazten duen lehen itzulitik erakundeetan eserlekuak eskuratzea ahalbidetzen duen bigarren itzuliko urratsean dago jarrita arreta. Bi hautagaien arteko buruz burukoak izango direnez kantonamendu guztietan, EH Bairentzat emaitza oso ona litzateke eserleku bat lortzea. Zaila da, alabaina, zentro-eskuinak egin duen itun sendoa dela-eta.

Berez, hain abstentzio handia izan ez balitz, dagoeneko zentro-eskuinak lehen itzulian lortuak izango zituen hainbat kantonamendu. Ez da horrela izan, bozen %50 ez ezik, izen emandako hautesleen %25 ere lortu behar baitzuen irabazleak, eta hori ez du inork inon lortu. Horrenbestez, kantonamendu guztietan izango dira berriro bozketak, eta berriro zentro-eskuina izango da faborito.

Estatu frantsesean familia ezberdinak elkarri mokoka aurkeztu dira hauteskunde hauetan. Hemen, ez. Lasserre buru, zentro-eskuinak lortu duen adostasuna talde ezberdinek boterea partekatzeko urteetan landutako erraztasunaren ondorio da, eskuinetik zentrora Ipar Euskal Herrian egindako bidean ez delako zauri handirik izan. Beharbada, gainera, euskal aldarrikapenei lotutako gai garrantzitsuetan azken hamarkadan erdietsitako batasun handiak –azkena murgiltze ereduak Paristik jasotako erasoaren aurrean– desadostasunak galarazten edo murrizten ditu.

Izandako abstentzio izugarria ahantzi gabe eta eserlekuen banaketa gorabehera, arnasa luzeko ibilbide politiko eta sozial baten arrastoa aurki daiteke Ipar Euskal Herriko hautetsontzietan. •