INFO

13/13 epaiketa politikoaren aurkako ekimenak egin dituzte hainbat herritan

13/13 epaiketaren aurkako herri-ekimenak antolatu dituzte larunbat honetan Lekeitio, Bilboko Alde Zaharra, Zornotza, Villabona eta Donostiako Egian. Helburua uztailean hasiko den sumarioaren epaiketa politikoa salatzea izan da, baita torturaren biktimak aitortzea ere.

Auzitegi Nazionalak laster abiatuko duen 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko ekimena Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna aukeratu du 13/13 Epaiketari Ez! herri ekimenak hainbat tokitan mobilizazioak antolatzeko. Hala, Bilbo, Donostia, Villabona, Lekeitio eta Zornotzan Auzitegi Nazional espainiarrak laster abiatuko duen 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko ekimenak egin dituzte.

Zehazki, Donostian eta Villabonan, eserialdiak egin dituzte; Zornotzan, manifestazioa; Bilbon, Arriaga plazan elkartu dira hiru orduz, mural bat margotu eta elkarretaratze baten bidez elkartasuna adierazteko; eta Lekeition ‘8 atxilotu-8 ordu’ ekimena dago martxan, 12.00etatik 20.00etara.

Uztailaren 12an Auzitegi Nazionalean hastekoa den 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeaz gain,  auzipetuei elkartasuna adierazteko eta torturaren biktimak aitortzeko mobilizatu dira, baita horrelako kasuak berriro gerta ez daitezen beharrezkoak diren erreparazio neurriak eskatzeko ere.

Izan ere, Herri ekimenetik gogoratu dutenez, kasu honetan «akusazioak berresteko asmo argiarekin eragin zizkieten torturak. Adierazpen autoinkulpatorioak Guardia Zibilaren tesiak indartzeko baliatu ziren».

Horrela, atxiloketak eta galdeketak helburu horrekin planifikatu zirela salatu dute: «Inkomunikazio-aldian Auzitegi Nazionalak atxilotuei aplikatu ohi zizkien salbuespeneko neurriak ezarri ziituen, eta Grande-Marlaska epailearen esku-hartzeak atxilotuen egoera larriagotu zuen».

Auzitegi Nazionaleko guardiako epaileak komisaldegiko egonaldia bideoz grabatu behar zela eta atxilotuak konfiantzazko mediku batek artatuak izateko eskubidea zutela azaldu zuen. Hala ere, biharamunean, Grande-Marlaskak inkomunikazio auto hori «baliogabetu» egin zuela eta atxilotuen «osotasun fisiko eta psikologikoa» bermatzeko beste neurriak kendu zituela azaldu du ohar batean.

Testuinguru horretan, gaineratu dute, «epaiketa honetan auzipetutako hiru atxilotuk jasandako torturaren infernua kontatu zuten».

Herri ekimenaren esanetan, 13/13 sumarioaren epaiketa 1997ko abenduaren 12ko Nazio Batuen Biltzarraren deklarazioak dioenaren aurka doa. «Epaiketa horren bidez, torturen biktimei babesa ukatzeaz gain, haien bizitzak berriro biktimizatu eta epaituko dituzte», azpimarratu dute.

13/13 auzia

13/13 epaiketan fiskaltzak guztira 77 urteko espetxe zigorra eskatzen du zortzi akusatuentzat. 2010ean, Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi euskal presoen eskubideen alde zebiltzan lanean. Hari horretatik tiraka, fiskaltzak hainbat delitu egozten die auzipetuei: ETAko kide izatea eta talde armatu batekin kolaboratzea, besteak beste.

Polizia operazioa 2010eko apirilean izan zen eta 13 lagun atxilotu zituzten, abokatuak barne. Torturez gain, CNI Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak abokatuen telefonoak legez kanpo kontrolatu zituen. Akusatuetako lau jada kondenatuak izan diren delituengatik zigortu nahi dituzte berriro.