INFO

LGTBI+ harrotasunaren manifestazioetan bi alde: ospakizuna batean, Turkiaren jazarpena bestean

Astelehenean LGTBI+ Harrotasunaren Eguna dela eta, hainbat herrialdeetan manifestazioak egin dituzte asteburuan pertsona eta identitate guztien eskubide berdintasuna aldarrikatzeko. Zenbait tokitan festa giroan izan dira martxak, baina Turkian bortizki jo du Poliziak protestan ari zirenen aurka.


Astelehenean, ekainaren 28an, ospatuko du LGTBI+ kolektiboak Harrotasunaren eguna, baina zenbait herrialdeetan manifestazioak asteburura aurreratu dituzte. Estatu Batuetan, Panaman, Perun, Mexikon, Italian, Frantzian, Mazedonian edo El Salvadorren, kasurako, milaka herritarrek pertsona eta identitate guztien eskubideen berdintasunaren alde eta LGBTIfobiaren aurka atera dira kalera.

Festa, aldarrikapen eta ospakizun giroan garatu dira manifestazio gehientsuenak, modu baketsuan; ez, ordea, Turkian: Istanbulen larunbatean egindako manifestazioan Polizia protestan zeudenen kontra oldartu zen, eta hainbat pertsona atxilotu zituen.

Harrotasunaren aldeko martxa 2015etik debekatuta dago Recep Tayyip Erdoganek zuzendutako herrialdean, baina debekuaz gaindi, hainbat pertsona haien eskubideen defentsan protestara atera ziren, ‘Kalera gurea da’ lelopean.

Gas negar-eragileekin eta plastikozko balekin eraso egin zuten agenteek, eta dozenaka atxiloketa egin zituzten, batzuk indarkeria erabiliz.

Atxilotuetako bat Bulent Kilic AFPko argazkilaria izan zen, debekatutako manifestazioko irudiak hartzen ari zen bitartean, lekukoen eta prentsa-askatasunaren defendatzaileek jakitera eman zutenez.

2003az geroztik, Harrotasunaren martxa jai giroan egin izan da Istanbulgo Istiklal kalean. 2014. urtean, martxak baimena jaso zuen azkenengoan, dozenaka mila pertsonaren batu ziren manifestaziora.