INFO

‘Petrus’, tokiko artea eta landa garapena balioan jartzen dituen dokumentala

Haruru Filmak ekoiztetxeak Simeon Hidalgo irakaslearen eta Joseba Lekuona eskultorearen arteko harremanetik abiatutako ekimena bultzatu du, arte erromanikoa eta XXI. mendeko hargintza sortzailea lotzen dituzten ildoak marrazteko.

‘Petrus’ dokumentalaren aurkezpena. (NAIZ)

Helena Bengoetxea zinemagileak Haruru Filmak-en bidez bultzatutako ‘Petrus’ multiplataforma proiektuak zinema, ikus-entzunezko arteak eta ondarea uztartu ditu, Izagaondoa, Ibargoiti, Orbaibar, Untzitibar, Ezkabarte eta Aezkoako bailaretan tokiko artea zabaltzeko bide gisa.
 
‘Petrus’ kultur ekimen gisa sortu da, Petrus Museumeko egilea den Simeon Hidalgoren eta Joseba Lekuona eskultorearen arteko harremanetik abiatuta, arte erromanikoa eta XXI. mendeko hargintza sortzailea lotzen dituzten ildoak marrazteko, bai eta museoko sormen-prozesuaren eta negozio artistikoaren arteko dibergentziak ere.
 
Proiektua Hidalgo eta Lekuonaren topaketa artearen bidez road movie gisa jorratuko zuen dokumental luze bat egiteko asmoarekin hasi zen. Proiektu hau 2020an jarri zen abian, Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker, eta garapen bidean dago.
 
Norabide horretan, proiektuak 20 minutuko film labur dokumental bat gehitu du, Petrus eskolako landa-eremuko erromanikoaren ibilbidea osatzen duten hainbat herritan uda honetan proiektatuko dena. Bestalde, irailetik aurrera, museoko erreprodukzioen sorkuntza artistikoaren prozesua erakutsiko duen multimedia instalazio bat proiektatuko da, erakusketa-gunea zabalduz.
 
Proiektuaren hedapena eremu digitalean ere egingo da, bai sare sozialetan, bai webgune batean. Bertan, harginaren sormenezko lan-prozesu osoa jasoko da.
 
Astelehen honetan Izagaondoako Lizarraga herrian kokatzen den Petrus Museumen aurkeztu dute proiektua, Simeon Hidalgo, Joseba Lekuona, Helena Bengoetxea eta Maria Guzman ekoizlearekin batera. Ekitaldian, kultur proiektua egituratzen duen sormen prozesuaren kapitelaren erreprodukzioa jarri dute eta bailarako herrietan proiektatuko den film laburraren trailerra ere aurkeztu dute.
 
Ekitaldian, Helena Bengoetxea zuzendariak ekimenak duen ikuspegi soziala azpimarratu du, tokiko garapena sustatzeko eta landa-eremuen despopulazioari aurre egiteko alternatiba kultural gisa. Pandemiaren ondorioek egoera zaildu duten honetan, tokiko inguruneari lehentasuna ematera bultzatu du ‘Petrus’–en egileak, eta kulturatik landa eremuaren biziberritzea birpentsatzeko gonbidapena luzatu du.

Simeon Hidalgo irakasle erretiratua eta erromanikoaren zale amorratua da, eta Izagaondoa bailaran Erdi Aroko Petrus de Gerguitiain harginari eskainitako museo bat sortzeko ametsa egia bihurtu du. Bertan, oraindik ere gordetzen dira hargin esanguratsu horren sinadura duten lan batzuk, garai hartan guztiz ezohikoa zena. Izagaondoa, XII. eta XIII. mendeetan Donejakue Bidea igarotzen zen lurraldea, gaur egun Nafarroako eremu ezezagunenetako –eta ahaztuenetako– bat da.
 
Joseba Lekuona, aldiz, lanean ari den hargin bakarretako bat da eta mundu zabaleko gastronomia esperientzia berezietarako harriz egindako bildumak sortzen ditu.
 
Hamar urte dira Petrus de Gerguitiaindelakoaren lanaren erreprodukzio batzuk enkargatzeko Simeonek Josebarekin lehen aldiz kontaktatu zuela, horiek museoan instalatzeko asmoarekin. Orain, ia 10 urteren ondoren, Simeon Josebaren bila bueltatu da taila berriak eskatzeko.
 
Lan berri honen sorkuntza prozesuak eta Erdi Aroko maisuarekin izan zuen topaketak inspiratzen dute kultur proiektua, Josebaren pentsamenduen eta artearekin duen harremanaren barnera eramango gaituena, eta aldi berean, ‘Petrus’ erromanikoaren ibilbidea egitera gonbidatzen gaituena, gaur egun poliki-poliki desagertzen ari den landa eremu batera hain zuzen.

Kultur proiektuak Erdi Aroko maisu hargin Petrus de Guerguitiainharengandik hartzen du izena, zehazki XII. mende amaieran eta XIII. mende hasieran bizi izan zena. Bere estiloa ‘landa-erromanikoa’ izenekoan kokatzen da, eta oraindik ere Gergitiain, Besoia, Leoz, Aibar, Alzorriz edo Eusa bezalako herrietan sakabanatutako hainbat arte-lagin kontserbatzen dira.
 
Zonalde hura Donejakue Bidearen ibilbide alternatibo bat da, mende askotan Loitiko mendatetik igotzea saihesteko nahitaezko pasabide izan zena.

Ruben Marcilla eta Helena Bengoetxea dira duela 15 urte Iruñean kokatzen den Haruru ekoiztetxearen arduradunak.