Jean-Jacques Lasserre izendatu dute Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko lehendakari
Joan zen ekainaren 20 eta 27an eginiko departamendu bozetan ondoko sei urteetan Paueko Kontseiluan jardunen duten 24 euskal kontseilariak hautatu zituzten Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko hautesleek. Ustekaberik ez da izan eta Jean-Jacques Lasserre hautatu dute Kontseiluko lehendakari.
Paueko Nafarroako Parlamentuan legealdi berriari hasiera emateko bilkura egiten ari dira. Egun osoan luzatuko da saioa, baina hasi eta berehala Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko lehendakaria aurkezteko bozketa egin dute eta, espero zen bezala, Jean-Jacques Lasserre zentrista hautatu dute. 38 boto jaso ditu, Gehiengo Departamentalak dituen kontseilariak bezainbeste.
Baiona-1 kantonamenduko kontseilari eta Angeluko auzapez den Claude Olive lehen presidenteorde kargurako hautatu dute, joan den legealdian bezala. Harekin batera, beste lau euskal presidenteorde izanen dira: Anne-Marie Bruthe, Jean-Pierre Mirande, Annick Trounday eta Christine Lauque.
EH Baiko ordezkari Iker Elizaldek ere hautagaitza aurkeztu du eta bi boto eskuratu ditu, berea eta bere alderdikide Annie Povedarenak. PS eta bere aliatuak biltzen dituen Gauche 64 taldeak, aldiz, ez du aurkeztu azkenean. 14 aulki izanen ditu aliantza horrek, erran bezala denak Biarnon lortuak, Kontseilu berrian.
Lasserrek 2028 arte gidatuko du Paueko Kontseilua. Bere hitzartzean bukatu berri den hauteskunde kanpainatik hainbat irakaspen atera eta lehentasunak finkatu ditu: etxebizitza, herritarren parte-hartzea, ingurumena eta gazteria. «Entseatuko gara abstentzioari erantzuten eta biztanleak inplikazioaren bidean ezartzen, jendeak paper bat bete nahi du», adierazi du.
Elizaldek Lasserre zoriondu du eta esan du ez duela bere hautagaitza aurkeztu lehendakaritza eskuratzeko asmoarekin, baizik eta hautagaitza abertzalearen eta Gauche 64 taldearen arteko «desberdintasuna» agerian uzteko.
Euskal Herriaren erakundetze prozesuak «hurrengo etapara» pasa behar duela defendatu eta lurralde kolektibitatearen aldarria egin du; bide horretan elkarrizketaren aldeko apustua egin du. Horrekin batera, AHT linea berriaren aurkako jarrera agertu du eta Donapaleuko kolegioa okupatu eta brebeta euskaraz egin ahal izateko hainbat ekintza burutzen ari diren ikasleei sostengua adierazi die.
54 ordezkari
Ekainaren 20 eta 27an egin ziren bozen bidez Pirinio Atlantikoetako Kontseilua osatzen duten 54 ordezkari hautatu zituzten boto-emaileek.
Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko hautesleek hamabi euskal kantonamenduetako herritarrak ordezkatuko dituzten 24 kontseilariak hautatu zituzten.
Zentro-eskuineko Gehiengo Departamentala izeneko hautagaitza hamaika kantonamendutan nagusitu zen. Hendaia-Hegoko Euskal Itsasbazterrean, aldiz, Euskal Herria Bairen hautagaitzak jaso zuen boto gehien.
Zentro-eskuina gailendu zen departamenduaren bi aldeetan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, jokoan ziren 24 eserlekuetatik 22 eskuratu zituzten.
EH Baik, berriz, bi aulki lortu zituen, euskal ezkerreko indar bakarra bilakatuz. Alderdi Sozialistak sei eserleku atxiki zituen 2015ko bozetan. Denak galdu ditu aurtengo hauteskundeetan.