Elduain gehituta, Tolosaldeko 19 udalerri izango dira UEMAko kide
Tolosaldeko geroz eta udal gehiago dira UEMAko kide, eta Elduain ere udalerri euskalduna izanda, «euskararen lurgunea zabaltzeko eta sendotzeko aukera ederra» dela ikusten dute. UEMAren aterkipean, Udaletik soilik bideratu ezin dituzten hizkuntza politika garatuko dituzte, alkateak azaldu duenez.
Tolosaldeko beste udal batek UEMAko kide izateko erabakia hartu du. Maiatzaren 31ko osoko bilkuran hartu zuen erabakia Elduaingo Udalak, eta joan den astean argitaratu zen erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. UEMAko 91. udalerria izango da Elduain. Tolosaldeari dagokionez, berriz, UEMAko kide den eskualdeko 19. herria izango da, azkenaldian Amasa-Villabonak eta Zizurkilek hartutako bidearen ildotik.
Elduaingo alkate Oihana Amundarain hala mintzatu da: «Pozgarria da Tolosaldeko udal gehienek UEMAko kide izatea erabaki izana, baina eskualdea osatzen dugun 28 herrietatik geratzen dira batzuk oraindik bidean, eta nire ustez garrantzitsua da guztiok pauso hori ematea, Euskal Herriko arnasgune izaten jarraitzeko eta eskualde gehiagotara zabaltzeko. Euskarak merezi du eta behar du».
Euskaldunak, %94; baina beheranzko joera
Elduaingo datu soziolinguistikoei dagokienez, 2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %94 dira Elduainen. Oro har euskaraz bizi dira bertako herritarrak, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala beheranzko joera islatzen dute datuek, Elduaingo kasuan beherakada apala baldin bada ere.
Alkateak nabarmendu duenez, hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Elduainen kontua soilik. «Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara, eta hauskortasun horri aurre egiteko hizkuntza politika lantzen du UEMAk, herritarrak kontzientziatzeko eta arnasguneak zaintzeko eta garatzeko hainbat ildorekin. UEMAren laguntzarekin herritarrak kontzientziatzea garrantzitsua da, gero hizkuntza ohiturei eusteko. Herritarrak kontzientziatzeko ez ezik, Udal barruko ohituretan eta planetan eragiteko ere bidelaguna izango da UEMA».
Elduain Gipuzkoako udalerria da. Tolosaldea eskualdean dago, eta 239 biztanle ditu. UEMAk urtean bi batzar nagusi egin ohi dituenez, hurrengoa abenduaren erdialderako deituko du, urtearen balantzea egiteko, urte berrirako plangintza onartzeko, eta herri berrien eskaerak onartzeko. Ordutik aurrera izango litzateke Elduain UEMAko kide.