EAEko emakumeen %28,9k diskriminazioa pairatu du, Ikuspegi behatokiaren arabera
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak ‘Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: perspektibak, esparruak eta kolektiboak’ txostena argitaratu du. Azterlan horren arabera, EAEko biztanleen %24,4k adierazi du bizitzako uneren batean diskriminatu egin dutela, %28,9k emakumeen artean.
EAEko biztanleen %24,4k adierazi du bizitzako uneren batean diskriminatu egin dutela. Ehuneko hori handiagoa da emakumeen kasuan –%28,9 diskriminatua sentitu da–, izan ere gehien aipatzen diren arrazoiak emakume izatearekin, jatorriarekin edo adinarekin lotutakoak dira.
Hala dio Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak landutako ‘Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: perspektibak, esparruak eta kolektiboak’ txostenak. Bertan azaltzen denez, «oro har, euskal gizartearen ezaugarria da diskriminazioaren presentzia txikiagoa dela, bai hautemandakoa bai bizitakoa, eta, aldi berean, aniztasunarekiko irekitasun handiagoa dagoela».
Dena dela, herritarren jokabideari buruzko azterketa honek ere agerian uzten du badirela jarrera «ez hain toleranteak» ijitoekin eta etorkinekin. Gizarte talde horiek dira, halaber, bizitegi-eremuan etxebizitzak eskuratzeko zailtasun handiena dutenak.
«Bizitegi-diskriminazioa da, alde handiarekin, gehien hautematen dena, ziurrenik kolektibo batzuek nabarmen sufritzen dutelako eta bizitegi-merkatu basati batean kokatzen delako, non etxebizitza ia ez den eskubidetzat hartzen», dio azterlanak; puntu honetan gazteak ere kaltetutzat jotzen ditu. Zehazki, EAEko biztanleen %82,2k uste du ez dagoela aukera bera alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko.
Lan merkatuari dagokionez, atal honetan beste talde batzuetan oinarritzen da diskriminazioa; kasu honetan, batez ere emakumeen artean. «Euskal gizarteak aitortzen du gizonen eta emakumeen arteko lan desberdintasuna, batez ere erantzukizuneko lanpostuetarako sarbidean», jaso du Ikuspegik.
EAEko biztanleen %78,1ek badaki pertsona guztiek ez dituztela aukera berak lanpostu bat eskuratzeko orduan. %77,6k ezberdintasunak ere hautematen ditu erantzukizuneko lanpostu bat eskuratzeko orduan. Desberdintasun hori gehiago nabaritzen da emakumeen eta atzerritarren eta ijitoen kasuan.
Diskriminazio sexista
Eta diskriminazio sexistari dagokionez, berriz ere nabarmentzen da kristalezko sabaiaren pertzepzioa, baina baita «kalean bizi izandako diskriminazio sexistaren esperientzia pertsonalen identifikazioa» ere.
Ildo beretik, galdetutako hiru emakumetatik batek (%32,2) uste du EAEn diskriminazio sexista nahiko edo oso ohikoa dela; eta gehienek, (%65,8), berriz, ez dela oso ohikoa. Hala ere, nabari da emakumeek, gizonekin alderatuta, diskriminazio sexistaren pertzepzio handiagoa dutela.
Lan eremuari dagokionez, euskal emakumeen %42,5ek uste du emakume izateak kalte egiten diola lanpostu bat lortzeari, eta erdiak baino gehiagok (%55,5) baldintza negatibo bat dela erantzukizuneko lanpostu bat lortzeko.
Ikerketak azpimarratzen du diskriminazioa zenbait faktoreren konbinazioaren bidez aztertu behar dela, eta faktore horiek zenbait kolektiboren zaurgarritasuna areagotzen dutela: sexua/generoa, adina eta nazionalitatea; ez dira ahaztu behar egungo estandarrekin bat ez datozen baliabide ekonomikoak eta/edo itxura fisikoa.