INFO

2.199.711 biztanle zituen EAEk 2020an

2020ari dagozkion estatistiken urtekaria plazaratu du Eustat institutuak. Biztanleria, ekonomia, gizartea, lurraldea eta ingurumena eta informazioaren gizartea eta I+G+B arloei buruzko datuak eskaintzen ditu.

EAEko biztanleriari buruzko estatistikak plazaratu ditu Eustatek. (Endika PORTILLO/FOKU)

Eustatek ‘Euskal Urtekari Estatistikoa. 2021’ lana argitaratu du. Bost ataletan banatuta, biztanleria, ekonomia, gizartea, lurraldea eta ingurumena eta informazioaren gizartea eta I+G+B arloei buruzko estatistika nagusiak eskaintzen ditu.

Txostenean jasotzen denez, 2020. urtean 2.199.711 biztanle zeuden guztira EAEn. Sexuaren arabera, 1.132.495 emakumezkoak ziren, eta 1.067.216 gizonezkoak.

Ekonomiari buruzko atalean, enpresei eta establezimenduei buruzko aipamenaren arabera, 2020ko urtarrilaren 1ean 171.371 establezimendu zeuden, eta horietan 921.525 langile: 517.723 gizon eta 403.802 emakume.

2020an EAEko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %70,4 zerbitzuen sektoreak sortu zuen, %22,8 industriak, %6,0 eraikuntzak eta %0,8 lehen sektoreak. BPGren lurraldekako banaketari dagokionez, %50,5 Bizkaiari zegokion, %33,7 Gipuzkoari eta gainerako %15,8 Arabari.

Lan merkatua

Gizarte arloan islatutako lan merkatuaren atalean, besteak beste, enplegu eta langabezia tasei buruzko datuak ematen dira. Horrela, EAEko enplegu tasa %66,6 zen 2020an, aurreko urtean baino %1,9 puntu txikiagoa; langabezia tasa batez beste %10,6ra igo zen 2020an, 2019an baino %0,8 puntu gehiago.

Halaber, gizarte ohiturei eta errentari buruzko kapituluko datuen arabera, 2020. urtean EAEko emakume landunek egunean batez beste 2,2 ordu eman zituzte etxeko lanetan, 4,6 ordu seme-alaba adingabeak zaintzen eta 2,3 ordu mendeko pertsonak zaintzen; gizon landunek, batez beste, 1,6 ordu, 3,4 ordu eta 1,6 ordu eman zituzten zeregin horietan, hurrenez hurren.

Hezkuntza

Hezkuntzari buruzko atalean jasotakoaren arabera, 2020-2021eko ikasturtean unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetan ikasi duten 380.697 ikasleetatik 255.763k D ereduan ikasi dute (%67), 67.449k B ereduan (%17,7), 55.259k A ereduan (%14,5) eta 2.226k X ereduan (%0,5). Ikastetxearen titulartasunari dagokionez, 198.334 ikastetxe publikoetan matrikulatu dira, eta 182.363 pribatuetan.

Lurralde eta ingurumena

Lurralde eta ingurumenaren arloan bildutako datuei dagokienez, EAEko lurzoruaren okupazio egoera ikus daiteke. 2020an, bizitegi lurzoruari azalera osoaren %2,6 zegokion, jarduera ekonomikoen lurzoruari %1,9, sistema orokorrek okupatutako lurzoruari %4,0 eta lurzoru urbanizaezinari % 91,5.

Informazioa eta gizartea

Azken atala informazioaren gizartea eta I+G+B da. 2020an, EAEko familia etxeen %73,5ek ordenagailua zuen, familien %85,1ek Interneterako konexioa zuen eta familia etxeen %96,1ean sakelako telefonoa zegoen.