INFO

Greba eskubidearen urraketak salatu dituzte Bilboko Guggenheim museoko garbitzaileek

Bilboko Guggenheim museoko garbitzaileek Sanferminetako entzierroa antzeztu dute ostiral honetan museoko zabalgunean, bertako lan baldintzak salatzeko. «Behingoz» soldata arrakala haustea eskatu dute.

Bilboko Guggenheim museoko garbitzaileen protesta. (ELA)

Sanferminak Bilboko Guggenheimera eraman dituzte gaur museoko garbitzaileek. Ekainaren 11tik greban daude soldata arrakala ezabatzeko eta lan baldintza duinak eskatzeko, eta ostiral honetan entzierroa eta Sanferminak antzeztu dituzte museoaren aurrean aldarri hori egiteko: zapi gorria lepoan, zuriz jantzita eta «Gure patroi Guggenheim museoari lan-baldintzak hobetzea eskatzen diogu» kantatuz.

20 urtez baino gehiago garbiketa zerbitzua eskaini ondoren, langileen prekaritate egoera publiko egitea eta lan-baldintzetan hobekuntzak eskatzea erabaki dute. Salatu dutenez, egungo soldatekin nekez iristen dira hilaren bukaerara –900 euro jasotzen dituzte–, «eta kontratazioaren partzialtasunak eta lan-karga onartezinek nabarmen okertzen dituzte lan-baldintzak».

Zuzendaritzak arrakala dagoela ukatzen jarraitzen duela eta ez duela inolako konponbiderik proposatzen adierazi du ELA sindikatuak.

Gainera, ELAk gogorarazi du langileen greba eskubidea urratzen ari dela Ferrovial Servicios enpresa, zerbitzu horren esleipenduna. «Alde batetik, greban dauden langileei dagozkien barrualdeko eremuak garbitzen dituzte. Eta, bestetik, Guggenheim Museoa, Bilboko Udalarekin batera, greban dauden langileei dagozkien kanpoko lanak egiteko udalaren makineria erabiltzen ari da». Hori dela eta, sindikatuak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan.