INFO

San Jose: «Talde honek gauza politak lortzeko gai dela frogatu du»

Mikel San Josek lehen lan-saioa egin du Amorebietarekin. Urdinen eskaintza jaso zuenean ez zuela «larregi pentsatu behar baiezkoa emateko» aitortu du.

San Josék talde-kide berriekin entrenatu du gaur goizean Urritxen. (Aritz Loiola/Foku)

Mikel San Jose badago Zornotzan. Ostiral goiz honetan entrenatu du lehen aldiz Amorebietarekin, atzo urtebeterako kontratua sinatu ondoren. «Laguntzera» datorrela esan du baina bera heldu aurretik «talde honek gauza politak lortzeko gai dela frogatu» duela gogorarazi du.

Ez zitzaion larregi kostatu urdinen eskaintzari baiezkoa ematea. «Talde honek duen proiektua eta erronka ikusita eta gainera etxean egoteko aukera ematen zigutela ikusita… inork ezin zuen hori berdindu. Aukera mahai gainean euki nuen unean, ez nuen pentsatu behar izan ere baiezkoa emateko», azaldu du.

Esperientzia emango dio, arlo horretan gabezi handiena duen taldeari. Baina ez du uste horrek Amorebietaren erreferentea bilakatuko duenik. «Laguntzera nator», azpimarratu du. «Baina beraiek dira hemen egotea lortu dutenak eta Bigarren Mailan egoteko aukera polit hau eskuratu dutenak. Soberan demostratu dute gauza politak egiteko gai direla. Ni saiatuko naiz faltan izan dezakaten hori ematen eta zelaian laguntzen», esan du.

Jokatzen urte asko eman dituen arren, nafarra ez da inoiz lehiatu Bigarren Mailan baina badaki «oso gogorra dela, partida asko direla, boladak eta dinamikak asko aldatzen direla urtean zehar eta igo berriei kostatzen zaiela mailari eustea. Baina guzti horri aurre egiteko gauza onak dauzkagu hemen: oso talde kohesionatua izango gara, onean eta txarrean, zein borrokan dagoen eta zer nahi duen dakien etxeko jendearekin, eta ideia argiekin. Alde horretatik lasai egon gaitezke, Liga oso luzea dela eta edozein gauza gerta daitekeela jakinda».

Urdinez jantzita baina Lezaman jokatuto ditu aurten etxeko partidak San Josek. Eta horrek ere pozten duela onartu du, «azken finean hamaika urtean egunero joan bainaiz bertara. Etxeko partidak bertan jokatzera bueltatzea oso polita izango da. Askoz politagoa izango litzateke hemen, Urritxen, jokatu ahal izatea, herriarengatik eta klubarengatik, baina Lezaman ere laguntza izango dugu eta ziur nago zaletuak babestera etorriko direla eta oso polita eta berezia izango dela».