INFO

Maddi Barberren eta Marina Lameiroren «Paraiso», Artiumen

Artium museoko Z aretoan ikus daiteke Maddi Barberrek eta Marina Lameirok egindako filma: «Paraiso». Hala deitu zioten Lakaben 80ko hamarkadan herri hilari bizia eman zioten biztanleek hango lursail bati. Irailaren 12ra arte dago ikusgai lana Gasteizen.

Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagileak. (ARTIUM MUSEOA)

Garbiñe Ortega zinema komisarioaren egitasmoa da Artium museokoa. Zinemagintzaren eta erakusketa formatuaren arteko zubi lanak egiten ditu Artium Z aretoan. «Ideia aurretik geneukan, baina Garbiñek Artiumentzako pieza bat egitea proposatu zigunean proiektua abian jarri genuen. Duela urte pare bat- edo elkarrekin Bolex kamera bat erosi genuen eta Javi Aguirre argazki zuzendariak, hori jakinda, iraungitako Kodak pelikulak oparitu zizkigun. Berrogei minutu inguru genituen filmatzeko. Orduan erabaki genuen elkarrekin film bat egin nahi genuela», azaldu dute Barber-ek eta Lameirok.

Hogei minutuko emaitza da “Paraiso”. Filmak bi zati izango ditu. Lehendabizikoa apirilean filmatu zuten eta basoa moztu aurretik erakusten du. Bigarrenak, zuhaitzen mozketa –udan dira botatzekoak– eta ondoren geratuko den lurraldeari erreparatuko dio. «Bi piezak diptiko moduan ulertzen ditugu, elkarrekin joan daitezkeenak film ertain moduan, edo banatuta bi film labur bezala», esan dute.

Paradoxa. «Baso bat moztea ekintza bortitza da eta normalean ekologiaren aurkako zerbait da, baina kasu honetan leku baten antzinako erabilera berreskuratzea zen asmoa, landa eremuan eta landa eremutik bizitzen jarraitu nahi dutenek bultzatuta. Ekintzak onuragarri/kaltegarri dikotomia kolokan jartzen zuela iruditzen zitzaigun», azaldu dute.

Lakaben jaioa da Barber. Gertutik ezagutu du han bizitako prozesua. «Pinudiaren mozketa herri-lurretako mendien berrantolaketa handiago baten parte da, erosioa pairatzeko eta ura lurraldean geratzeko egitasmoaren baitan. Baina emaitzak hemendik hamarkada batzuetara sumatuko dira, lurrak beste denbora batzuk behar dituela ulertu dugu», jarraitu dute bi egileek.

Pinudia erregistratzea izan da bi egileen zeregina. Modu eta bide ezberdinak erabili dituzte horretarako. «Irudiak iraungitako 16 mm-ko pelikula bitartez eta Lidar eskaner batekin jaso ditugu. Iraungitako filmak eragiten du irudia ‘zarataz’ beteta egotea. Eskanerra, bestalde, geologian, basogintzan edo arkitektura bezalako diziplinetan erabiltzen da, eta basoa hiru dimentsioan eskaneatu eta gero, lanketa digital bat egiteko aukera eman digu. Puntuz osatutako ‘hodei’ bat sortzen da eskaneatutako basotik. Interesatzen zitzaigun erregistroa egiteko modu hauen artean sortzen zen harremana, bi teknologia desberdin hauek uztartzean sortzen zen kontrastea, baita espero ez genituen kidetasunak ere.

Filmak ziklo zirkular bat erakusten du, baita formalki ere, hasi eta bukatu berdin egiten baita. «Ziklo hori lekuaren historian aurkitzen dugu: lur horietan basoak egon ziren noizbait, gero nekazaritza eta abeltzaintzarako erabili ziren, aurrerago pinuak landatu ziren, laster soroak izango dira berriz... Ez dago hasierarik, ez amaierarik. Bizitza eta heriotzaren arteko banaketa zorrotza gizakiok eraikitako ideia dela deritzogu; naturan soilik zikloak daude», adierazi dute.